Hobetu beharreko alor nagusienak dira “oporretako eta asteburuetako maiztasuna, baita mugikortasun murriztua duten erabiltzaileentzako autobuserako sarbidea hobetzea”. Inkestatutako 185 erabiltzaileek gehien baloratu dutena “gidarien tratua (9,1eko nota)” izan da.
Argazkia: MB artxiboa.
El Dato Consulting enpresak zerbitzuaren inguruko gogobetetasun inkesta egin du, eta inkesten emaitzen berri eman dio zerbitzuaren enpresari kudeatzaileari.
Enpresa hau Avanza Urbanos de Euskadi SL enpresa da, eta emaitzak jakitera eman dizkio oraintsu Udal-gobernuari.
Inkestak azaroaren 3tik 24ra egin ziren, eta denera 185 izan ziren. Horietatik 93 inkesta 1. linearen erabiltzaileen artean egin ziren, eta beste 92 inkestak 2. linearen erabiltzaileen artean.
Aipatzekoa da 3. linearen erabiltzaileen artean ez zela inkestarik egin. Hiri-autobusen zerbitzuak 10etik 8,41eko puntuazioa lortu zuen.
Zerbitzuaren indargune nagusiak ondokoak izan ziren: “gidarien tratua (9,1eko nota), gidatzeko estiloa (8,7) eta txartelen balidazioa (8,6). Erabiltzaileek 8,4ko balorazioa eman diote linearen puntualtasunari eta ibilbideari”.
Era berean, “autobusaren erosotasunak 8,3ko nota lortu du eta autobusak egokituta eta irisgarriak izateak 8,2koa”. Ordea, ahulgune nagusiak izan dira “autobusen maiztasuna (8,0) eta txartelen prezioa (7,9)”.
Erabiltzaileen hobekuntza-eskaera nagusiak ondokoak dira: “eskola-oporretan autobusen maiztasuna mantentzea, asteburuetan maiztasuna handitzea edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzako autobuserako sarbidea hobetzea”.
Egindako inkesta guztietatik, “inkestatu nagusiaren profila (%31,8) 40-64 urte bitartekoa da. Ondoren, 25-39 urteko adin-tartea dago (%23), 17 urtetik beherakoak (%19,9), 18-24 urte bitartekoak. 15,4, eta 65 urtetik gorakoak, %9,9. %60,9 emakumeak izan dira eta %39,1 gizonak”.
Era berean, “%62,5ak bonu arrunta zuen eta %18,1ek bonu gaztea. %45,7 langilea zen, eta bidaiaren arrazoi nagusia (%33,5) lanpostura joatea zen. %52,1ak lanera edo ikastetxera joateko erabiltzen du autobusa. %38,6 aisialdiagatik, erosketengatik eta kudeaketa pertsonalengatik darabil”.
Inkestatuen %77,5ak adierazi du autobusa erabiltzen duela “ohiko garraiobide gisa joan-etorrietarako, eta %44k egunero erabiltzen duela zerbitzua. Inkestatutako pertsonen ia %70ak ez du beste garraiobiderik”.
Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, “lanean jarraitzen dugu udalerriko hiri-garraioa egunetik egunera hobetzeko, autobus-lineen erabiltzaileek zerbitzurik onena izan dezaten eta etengabe eboluzionatzen eta hobetzen joan dadin zerbitzua”.
Horretarako, “ezinbestekoa da arrasatearrei entzutea eta elkarlanean lan egitea. Udalak lanean jarraituko du, jasotako iritziekin, zerbitzua hobetzen jarraitzeko”.
Garraio publikoaren erabilerak mugikortasunari laguntzen dio “Arrasate osoan”, kutsadura eta garraio pribatuaren erabilera murriztuz, “gure kaleak atseginago eta udalerri jasangarriagoa bihurtuz, aurrera eginez 2020-23 aldirako Herri Planean dauden Garapen Iraunkorrerako Helburuetan (GIH)”.




