Iñigo Uribarren: “Oso pozik nago egin dudan lanarekin. Lasai erretiratzen naiz.”

0
1239

Iñigo Uribarren arrasatearra, Real Sociedad taldeko kidea eta Arrasate Atletiko Taldean atletismoan hasitako atleta, maiatzean erretiratuko da 27 urterekin. Erretiratzeko arrazoiari buruz hitz egiteko eta urte guzti hauen balorazioa egiteko, Mondraberrik elkarrizketatzeko zortea izan du.

Zein izan da atletismo aktibotik hain gazte erretiratzeko arrazoia?

Dena 2017an hasi zen, berez urte onenetariko baten ostean, ekainean lesio larria izan nuen hankan. Fascia apurtu nuen, baina une hartan fisikoki oso ondo nengoenez, abuztura arte entrenatzen jarraitzea erabaki nuen.

Lesioak txarrera egin zuen, eta urte eta terdi geldi egon nintzen. Mediku eta fisio ugaritik pasa ondoren, entrenamenduetara fisikoki sasoiko itzuli nintzen. Lehiaketei berrekin nien, baina ez nituen espero nituen markak lortu. Bi denboraldi gehiago jarraitu ditut saiatzen baina ez dira gura nituen markak heldu. Atletismoa uztea erabaki dut, eta sufrimendu honekin bukatzea.

Orain arte Real Sociedad taldearekin aritu zara, ezta?

Maiatzera arte taldean egongo naiz. Realarekin negoziatu nuen maiatzara arte jarraitzea, eta eurekin neukan konpromisoa bukatzea. Biondako erabakirik onena da, eta horrela egingo dugu. Maiatzean amaitutzat emango dut nire atletismoko ibilbidea.

Hemendik maiatzera arte, zein lehiaketetan parte hartuko duzu?

Apirilean eta maiatzean taldeko bi lehiaketetan parte hartu dut, hain zuzen, Espainiako txapelketetan. Oraindik ez dakigu non izango diren. Baliteke Zaragozan edo Madrilen izatea. Gelditzen zaidan denbora honetan ez naiz indibidualki lehiatuko.

Konpromiso horiekin bukatuko dut. Gura nuen bukaera txukuna egitea. Niretzat oso garrantzitsua izan da etapa hau. Tristea iruditzan zitzaidan bat-batean uztea, agurrik esan gabe.

Nola baloratzen dituzu atletismoari emandako urteak?

Oso pozik nago egin dudan lanarekin. Beti esan dut ni ez naizela teknikoki talento handia, baina lan handia egin dut lortutako tituluak irabazi ahal izateko. Oso pozik nago ahal izan dudan guztia eman baitut, eta lasai erretiratzen naiz. Txapelduna izan naiz 23 urte azpiko mailan, junior mailan, eta maila absolutuan ere dominak lortu ditut. Benetan oso pozik erretiratzen naiz.

Zein da unerik gogoangarriena?

Bat baino gehiago izan dira. Maila absolutuan zilarrezko domina lortu nuen, eta Tallinen Espainiako selekzioarekin finalean sartzear izan nintzen. Horiek izango lirateke une garrantzitsuenak, edo 23 urte azpiko txapelketan txapeldun izatean.

Erretiratu ostean atletismoarekin harremanetan jarraitu nahi duzu?

Orain arte oso argi izan dut entrenatzaile bezala jarraitu nahi nuela, baina azken urteak oso gogorrak izan dira niretzat, mentalki batez ere, eta orain behar dudana da deskonektatzeko denbora bat hartzea. Ez dut egunero pistetan egon nahi. Hausnartzeko hilabete batzuk hartuko ditut. Momentu honetan beste kirol batzuekin disfrutatu nahi dut, baina atletismoarekin jarraitu momentuz ez.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen