“Iñigo Cabacasen hilketagatik ez dute inor zigortuko, zer deritzozu?”

0
1230

Gaurko kale-inkestan Alberto Kabiketa, Maite Mendizabal, Ander Torres eta Olatz Aranak parte hartu dute.

Espainiar justiziak erabaki du hildakoaren familiak prozesu-kostuak ordaintzea eta praktikan inor zigorrik ez betetzea. Familiak erabaki du kasua Europako epaitegietara eramatea, Justizia bila.

Olatz Arana:

“Ni bilbotarra naiz eta egun hartan Kirruli tabernan izan nintzen, hau da, Iñigo Cabacas hil zuten lekuaren ondoan, eta ospatzen ari ginen Athleticen partidu ona, baina bat-batean Ertzaintzaren furgonetak agertu ziren”.

“8-9 furgoneta agertu ziren eta plaza baten inguruan jarri ziren. Niri gehiegizkoa irudi zitzaidan, besteak beste, hiritar ugari geundelako inguru horretan. Tentsioa sortu zen, hiritarrek iraganean poliziarekin esperientzia txarrak izan dituztelako”.

“Pelotazoa burura zuzenean joan zen, ez lurrera eta erreboteraren ondorioz burura. Nik Iñigo lurrean ikusi nuen, giroa izugarri okertu zen, jendea poliziarekin oso haserre zegoen, eta anbulantzia etorri zen. Jende batek tentsio gehiago jarri zuen”.

“Hurrengo egunean triste geratu ginen, Iñigo mutil gaztea zen, bizitza ia osoa aurretik zuen, baina poliziak bere boterearekin bizitza kendu zion. Tristea izan zen. Niri neba bat hilko balidate Iñigoren familiak egindako gauza bera egingo nuke”.

“Nire ustez ondo dago familiak kasua Europako epaitegietara eramatea Justizia bila. Izan ere, Espainiak eta EAEko gobernuak ez dute gaia argitu. Espero dut Europako auzitegiek estatuaren eta Jaurlaritzaren jokabidea agerian uztea”.

“Hala ere, Europara joateak ez du bermatzen esperotako sententzia lortzea. Horren adibide da Europak Espainia torturak ez ikertzeagatik kondenatu izana. Salatu dutenez, Barne ministroak bazuen torturen berri baina ezer gutxi egin zuen”.

“Ea Europak Espainiari agintzen dion Iñigo Cabacasen familiari behintzat kalte-ordain bat ematea nahiz eta euren semearen bizitza galdu duten”.

Ander Torres Sanchez:

“Injustizia bat da, uste dut ez dituztela gauzak argituko eta errua duten ertzainek libre jarraituko dutela. Beti egin dute horrela”.

“Gainera, Urkulluk onartu du diru publikotik 4 milioi € ordaintzea ‘istiluen aurkako’ furgonetak erosteko. Iñigo Cabacasen familia Europako epaitegira joatea erabaki oso egokia iruditzen zait. Hemen kasurik ez badigute egiten, Europako epaitegira joan beharko”.

“Urte gehiegi daramatzagu horrela, eta ez dirudi gauzak hobetuko direnik. Donostian aste honetan gertaturikoa antzeko kasu bat da: mutil bati masailezurra apurtu diote foam pelota batekin, eta ospitalizatu behar izan zuten. Gainera, bideo batek erakusten du ertzain batek ‘tirar a dar’ agindua ematen. Horrelako jokabideak salatu behar dira, lotsagabekeriak direlako”.

Maite Mendizabal:

“Esango nuke ez nauela harritzen, hemen batzuek inpunitate osoa daukatelako, eta aurreikusi zitekeen epaiak hortik joko zuela. Pena eta amorrua eragiten dizkit”.

“Altsasuko kasua, Donostiako duela gutxiko audioa eta irudiak,… bide beretik doaz, betikoen alde. Familiak Europako epaitegira joatea erabaki du, baina zoritxarrez nik auzi hori galdutzat ematen dut orain arteko eskarmentuetan oinarriturik”.

“Europako epaitegiak ez dit esperantzarik eragiten. Arrazoia emanda edo behintzat justizia gehiago lortuta ere, gero hemen ez dute aplikatu askotan. Sentsazio hori daukat”.

Alberto Kabiketa:

“Errudunak nor diren ez dute argitu, ezkutatu dituzte. Nola ez dute jakingo zeinek jaurti zuen gomazko pilota? Korporatibismoz jokatu dute, ohikoa denez. Sententzia oso ahula da, eta gainera Iñigo Cabacasen familiari prozesu judizialeko kostuak ordainaraziko diote”.

“Oso aproposa iruditzen zait familiak Europako auzitegietara eta Nazio Batuen Erakundera joatea Justizia bila. Estatu espainiarrean Ertzaintza eta beste polizia batzuk ez dira oso ezberdinak. Biolentzia gehiegitan aprobetxatzen dute”.

“Familiari semea hil diote eta gainera holako sententziak sufritu behar ditu. Kolpe gogor bat ere Iñigo Cabacasen lagunentzat eta oro har gai honekiko sentikorrak diren herritarrentzat”.

“Ertzaintza polizia eredugarria zela esan zuten, baina ez da beste poliziekin alderatuta oso ezberdina. Argudiatzen dute ertzain batek ere ez dakiela zer gertatu zen. Beti horrela izan da”.

“Duela urte batzuk Nobenaixu batera Ertzaintza etorri zen, eta ni inguratu ninduten. Ni tapatzen nindutela aprobetxatuz, euretako batek bi ostiko eman zizkidan espinillan. Gura zuen ni oihukatzea, zalaparta sortzea, horrela eurak kolpeka hasteko. Ni orduan isilik geratu behar izan nintzen”.

“Ondoren nire ilobari, PSEko zinegotzi zenari, erasoaren berri eman nion, eta sinestu ninduen arren, ez zen erasoa argitu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen