Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Arrasateko industria ondare arkitektonikoa ezagutzeko bisita gidatua egin da gaur goizean, Arrasate Zientzia Elkarteak (AZE) eta Udalak antolatuta. Jende ugari bildu da goizeko 10:00etan abiatu den ibilbidean, Anabel Ugalde eta Pilar Askasibarrek gidatuta.
Etxaluze inguruan hasi da bisita, Zerrajeraren arkuaren ondotik, eta hortik aurrera, hainbat eraikin historikoren inguruko azalpenak jaso dituzte parte-hartzaileek: Zerrajeraren eraikin nagusia (egungo Kulturola), desagertutako ‘Mataderoa’ eta ‘Cucharera’, MCMren egoitza ohia (‘Club Náutico’) eta Elma eraikin enblematikoa, besteak beste.
Bisita honek, metalurgiaren eta industria-ondarearen garrantzia azpimarratzeaz gain, historiako argazkiak eta xehetasun arkitektonikoak baliatu ditu, arrasatear zein bisitari askoren interesa piztuz. AZEk 2017tik urtero antolatu izan ditu horrelako bisitak, eta aurten ere, parte hartze handiarekin, arrakastatsua izan da ekimena.







