Indarkeria sexistarik gabeko gunea eta 24 orduko arreta telefonoa izango dira Santamasetan

0
197

Arbolapetan ‘Indarkeria sexistarik gabeko gunea’ ezarriko da abenduaren 21 eta 22an eta ’24 orduko arreta telefonoa’ ere herritarren eskura egongo da.

Beheko Testua: Arrasateko Udala.

Arrasateko Berdintasun Sailak Santamas jaien bueltan eman daitezkeen indarkeria matxistei aurre egiteko baliabideak jarriko ditu herritarren eskura beste behin. Indarkeria matxistarik gabeko jaien aldarriarekin batera, baliabide ezberdinak plazaratuko dira.

Arbolapetan kokatuko den ‘Indarkeria sexistarik gabeko gunea’ da baliabide horietako bat. Bertan, indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira, gerturatu nahi duten emakume eta neskak artatzen. Gunea, abenduaren 21ean, 22:00etatik 2:00etara, eta abenduaren 22an, arratsaldeko 20:00etatik 2:00ak arte egongo da arbolapetan.

Indarkeria sexistarik gabeko gunea honen helburuak dira, besteak beste, Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak nabarmendu eran, “emakumeak eta herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea; emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea; indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea; erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartaraztea; emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetu arazi eta horretarako bitarteko eta lan tresnak eskaintzea”.

Bestetik, jaietarako propio, ‘24 orduko arreta telefono’ zerbitzua egongo da. Abenduaren 21ean eta 22an zehazki. Bertan, jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa, aholkularitza eta beharrezkoa balitz eta erabiltzaileak propio eskatu gero, aurrez aurreko arreta eta laguntza eskainiko da. Telefono zenbakia 688 809 137 izango da eta hainbat lekuetan egongo da ikusgarri.

Emakume Txokotik eskaintzen diren baliabide eta euskarriak, bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinaturik joango dira, esaterako Udaltzaingoa. Indarkeria sexisten aurrean artapen telefono zenbakien informazioa honakoa da: Emakume Txokoa (943 79 41 39), Udaltzaingoa (943 25 20 10), Gizarte zerbitzuak (943 25 20 07), Larrialdiak (112) eta telefono bidezko arreta zerbitzua 24 ordu EAEn (900 84 01 11).

Arrasateko Udalak aldarri egiten du indarkeria matxistarik gabeko Santamas eta jaien alde.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen