Indarkeria sexistaren aurka gunea eta telefonoa eskura izango dira jaietan

1
307

Emakume Txokoak antolatuta, Sanjoanetan Arbolapetan Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea izango da, baita 24 Orduko Arreta Telefono Zerbitzua eskura ere.

Bi ekimenak aurkeztu dituzte gaur goizean Yoana Sanchez Herrero Berdintasun zinegotziak eta Amets Beltran de Gebara Arexolaleiba Berdintasun teknikariak.

Prentsaurrekoa Emakume Txokoan bertan egin da, eta jaietarako bi baliabideen xehetasunak eman dituzte. Helburu nagusia da “Sanjoanak indarkeria sexistarik gabeko gune izatea”.

Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea Arbolapetan izango da zabalik, ekainaren 23tik 26ra, hain zuzen, ekainaren 23tik 25era arratsaldeko 20:00etatik goizaldeko 01:00etara. Baita ekainaren 26an arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara ere. Gunearen helburuak dira:

  • Emakumeak eta oro har herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea
  • Emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea
  • Babes eta elkartasun gunea irudikatu eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea
  • Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartaraztea
  • Emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetu arazi eta horretarako bitarteko eta lan-tresnak eskaintzea

Era berean, jaietarako propio, 24 Orduko Arreta Telefono zerbitzua eskura izango da. Ekainaren 23ko arratsaldeko 20:00etatik ekainaren 26ko gaueko 21:00 arte eskainiko da.

Telefono zerbitzuaren helburua da “jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa, aholkularitza eta beharrezkoa balitz eta erabiltzaileak propio eskatuz gero, aurrez aurreko arreta eta laguntza eskaintzea”. Telefono zenbakia 688 80 91 37 izango da, eta herriko hainbat tokitan izango da ikusgai.

Yoana Sanchez Berdintasun zinegotziak “nesken ahalduntzea indartzeko eta mutilen jarrera sexista eta matxistak prebenitzeko” beharra azpimarratu du.

Izan ere, “jaiak emakumeontzat espazio seguruak behar dute, bestela ez dira jaiak. Eta garbi izan behar dugu, alkoholak eta drogak jarrerak desinibizatzen dituztela, baina inondik inora ez dituztela sortzen”.

“Eta esan gabe doa, alkohola eta drogak kontsumitu izanak ez dituela erasoak justifikatzen, ezta molestatzeko asmorik ez zuela esateak ere, ezta “biktimaren” bizimoduak, ezta janzteko moduek ere, ez eta erasotzailearekin sexu-harremanak izateak ere…”.

Hau da, “ezerk ez du justifikatzen indarkeria matxista. Erasoaren erantzule bakarra, erasoltzailea da”.

Amets Beltran de Gebara Berdintasun teknikariak gehitu du Emakume Txokoak eskainitako baliabide eta euskarriak “bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinaturik joango direla, hala nola, Udaltzaingoarekin edota Gizarte Zerbitzuekin”.

Bestalde, Sanjoanei begira “Txosna Batzordeak protokolo bat landu du, jaien bueltan eman daitezkeen edozein eraso matxista, arrazista zein LGTBIQ+ kolektiboak jasan dezakeen edozein erasoen aurrean esku hartu eta erantzuteko”.

Ildo honetan “Emakume Txokoarekin ere konpartitze ariketa bat egin du Txosna Batzordeak protokoloaren gaiarekin, modu koordinatuan esku-hartu edo erantzuteko, egoerak halaxe eskatuko balu”.

“Txosna Guneko kideekin (erasoen kontua antolatzeko, arduradunak izendatuko dituzte), zein Udaltzaingoarekin koordinaziorako mekanismoak ezarriko dira”.

Kontuan hartu behar da “jendarte matxista batean bizi garela, eta jaietan nolabait hori islatzen da. Erasoak askotarikoak izan daitezke, eta formak aldatzen doaz”.

“Indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen du, nahiz eta adibidez duela 40 urteko indarkeria moldeak eta egungoak oro har berdinak ez diren, baina erasoak beti dira eraso, eta horietan esku hartu beharra dago”.

Emakume Txokoa Barakaldoko eta Beasaingo bortxaketa eta sexu-erasoaren aurka azaldu da: “Gertaera horiek gaitzesten ditugu”.

Ortuellako bortxaketaren ondorioz bertako jaiak bertan behera uztea erabaki zen. Arrasaten bortxaketa bat gertatuko balitz, “hurrengo egunean eragile guztiok bilera batera konbokatuak egongo ginateke, eta modu adostuan erabakiko litzateke nola artikulatu eta nola erantzun, betiere erasoa jasotako pertsonaren interesak eta beharrak lehenetsiz”.

Izan ere, “berarentzat erreparatzaileena litzatekeen hautua egingo genuke. Aukera bat da jaiak bertan behera uztea, baina hori jaietako eragile gutiok adostuko genuke”.

Sanjoanetan Emakume Txokoak antolatutako umorezko bakarrizketa feminista bat izango da, ‘Magma Mia’ izenekoa, Bea Egizabalen eskutik, Txosnagunean, ekainaren 24an (ostirala) arratsaldeko 20:00etan.

“Jaiak ere gure gizartearen islada direnez, eta zoritxarrez emakumeen presentziak eta bereziki umore feministak ez dituzte izan behar lituzkeen tokia. Hortaz, Bea Egizabalen ‘Magma Mia’k ekarpena egitera dator. Ekitaldia Txosna Batzordearekin antolatu dugu”.

Eraso bat egingo balitz, inguruko pertsonek zer egin beharko lukete? “Erasoa jasandako emakumearen bizipena eta errelatoa zalantzan ez jartzea. Bigarrenik, emakumearen erabakia errespetatzea, hori ere gako garrantzitsua da, eta hirugarrenik, emakume horren uneko beharrak identifikatu eta ingurukoek behar horiek asetzeko alternatibak eskaintzea”.

Eta zer egin behar luke edo zer egin lezake erasotutako emakumeak? “Erasoaren nolakotasunaren arabera, behar ezberdinak izan ditzake: osasun-zerbitzuetara joateko beharra, bizipena konpartitzeko beharra, izena jartzeko eta lantzeko beharra,…”.

Erasoa ofizialki salatzeko “beti dago denbora, hau da, ez du zertan unean bertan” salaketa ofiziala aurkeztu behar, eta ildo honetan “badira hainbat zerbitzu, salaketa aurkeztu barik, erasotutako emakumeek jaso ditzaketenak, euren eskubidea da”.

Gogoan izatekoak dira Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea eta 24 Orduko Arreta Telefono zerbitzua eskura izango direla. “Bi zerbitzuetan autodefentsan adituak diren emakumeak izango dira, indarkeria matxistan adituak”.

“Erasoak salatzeko ez ezik, bi zerbitzuak zalantzak partekatzeko ere baliagarriak izango dira, balizko eraso baten aurrean nola jokatu galdetzeko,…”.

Emakume Txokoak “beti prebentzioan indarra jartzen dugu eta beste lan-ildo bat da, oso garrantzitsua, gertaerak prebenitzeko eta saihesteko”.

Emakume Txokoa

Iruzkin 1

  1. Oso oso ondo Iruditzen zaidan zerbitzua da Eraso sexisten aurkako telefonoa martxan egotea.
    Baina Kartelean eraso matxisten aurkako zenbakia dela dio…. gizonezkoen aurkako erasoak orduan ez daude babestuta? Edo eraso matxistak dira ere bai? Biolentziari stop 🛑

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen