‘Incognita Patagonia ’dokumentala aurkeztu dute gaur Kulturaten

0
1156

Eskalada, mendizaletasuna eta esplorazioa gustuko dutenek kalitate handiko dokumentalaz gozatu ahal izan dute gaur Kulturaten, ‘Incognita Patagonia’ dokumentalaren proiekzioari esker; beste helmuga batzuk ezagutzeko modu berriak eskaintzen dituen dokumentala da, eta mendizaletasunaren eta eskaladaren ikuspegitik paisaia eta kultura berriak eskaintzen ditu.

Incognita Patagonia alor anitzeko esplorazioa da: eskalada, glaziarren kartografia, eta Cloue izotz zelaiaren zeharkaldia (Hoste irla, Hegoamerikako hego puntan) uztartzen dituen ikerketa historikoa. Mendizaletasunaren ikuspegitik, Patagoniako eremu ezezagun batean egiteke zegoen erronka bat. Eñaut Izagirre, Ibai Rico eta Evan Milles dira espediziokideak, National Geographic-en Gazte Esploratzaileen programak eta Bilbao Mendi Film Festivalak babestutako abentura honetan.

Dokumentala Eñaut Izagirrek egindakoa da. Pirinioetan hazi eta gurasoekin batera munduko mendi ezberdinetan zehar bidaiatu ondoren, Eñaut geografo, mendizale eta esploratzailea da, 6 urte baino gehiago daramatza Patagonia Australeko espedizio ugaritan parte hartzen. Dozena bat espedizio zientifiko eta abenturatan parte hartu du, Patagoniako fiordo eta mendietan zehar nabigazioa, piragua, mendizaletasuna eta glaziologia jarduerak eginez, Tierra del Fuego, eta nagusiki Cordillera Darwin, ondo ezagutzen duelarik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen