Iñaki Urretak Otalora familiari buruzko hitzaldia eskaini du

0
369

Goienagusik antolatuta, Iñaki Urreta historialariak Otalora familiari buruzko hitzaldia eskaini du. Iñaki Urreta Leturiondo eibartarra Geografia eta Historian lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta erretiroa hartu baino lehen, Aretxabaleta, Irun eta Oñatiko bigarren hezkuntzako institutuetan irakasle izan da. Urretak, gainera, Aretxabaletako eta Leniz Haraneko hainbat artikulu idatzi ditu.

‘Leintz Bailarak 500 urte Gipuzkoan (1497-1997)’ izeneko lana argitaratu zuen, Leintz Harana Gipuzkoako Ermandadean sartu zeneko 500. urteurrena zela eta. Hauek dira XVI. mendetik XX. mendearen hasiera arte, Galarza eta Arratabekoekin batera, Aretxabaleta herriaren eta bertako biztanleen patua zuzendu zuen oligarkia, botere-taldea, eratu zuen familiaren hastapenak, Otaloratarrena. Iaz ‘La Casa de Otálora en el siglo XVI’ liburua argitaratu zuen.

Hain zuzen ere, gai horri buruz hitz egin du Urretak Kulturaten eskaini duen hitzaldian. Eibartarrak Aozaratzako Otalorak XVI. mendean bere leinua indartzeko erabili zituen estrategiak deskribatu ditu: ezkontzak, maiorazkoak eta monarkiarentzako zerbitzuak. Otaloratarren artean Sancho López de Otálora lizentziaduna nabarmendu du, Espainiako monarkiaren lau Kontseiluetako kide izan zena eta bere ondorengoek burokrazia monarkikoan ‘lobby’ bat osatzeko bidea ireki zuena.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen