Iñaki Etxabe eta German Agirre biktimei aitortza egingo die Arrasateko Udalak

0
2392

Bi familiek ere ekitaldian parte hartuko dute, urriaren 16an. Beste herritarrek ekitaldia zuzenean Kulturaten jarraitu ahalko dute, eta ondoren Herriko plazan familiei gertutasuna agertu ahalko diete.

Ekitaldiaren aurkezpenean udal-talde guztiek eta alkateak parte hartu dute: Maria Ubarretxena alkatea, EAJ-PNVko Anuska Ezkurra, EH Bilduko Joseba Ezpeleta, PSEko Aritz Murua eta Elkarrekin Arrasateko Igor Urizar.

Udal-taldeek gogora ekarri dute “45 urte bete direla Iñaki Etxabe eta German Agirre bidegabeki erailak izan zirenetik”.

Arrasateko Udaleko Bizikidetza Batzordeak, “Udaleko alderdi politiko guztion ordezkariok osatzen dugunok, oroimen eta aitortza ekitaldia antolatzea erabaki dugu”. Ekitaldiak bi familien “oniritzia jaso du”.

Aurreko legealdian Arrasateko Udalak Memoria eta Bizikidetza lantzeko bideari ekin zion, udaletxean ordezkaritza poltikoa zuten alderdien arteko elkarlanetik.

“1936-2018 urteen bitartean gure herrian eta Arrasateko herritarrek pairaturiko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketan memoria berreskuratzeko pausoak eman ziren, bai eta biktima guztien oroimen eta aitortza bideari hasiera eman ere”.

Orain “Udalak beste urrats bat eman nahi du bide honetan: motibazio politikozko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimak diren Iñaki Etxabe Orobengoa eta German Agirre Irasuegi oroitu eta aitortu”.

Ekitaldian hurrengo ostiralean izango da (urriak 16) arratsaldeko 18:30ean udaletxeko pleno aretoan. Covid-19aren ondorioz “sarrera mugatua izango da, eta segurtasun-neurri oro bete behar da”.

Ondorioz, lehentasuna izango dute bi biktimen senideek eta ordezkari politikoek. “Ekitaldian senideek hitza hartuko dute, eta udal-taldeek adosturiko testu bat ere irakurriko da”.

Udalak iragarri duenez aitortzan ere izango dira bizikidetzari lotutako Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkari batzuk, baina funtsean “udalerri mailako” ekitaldia izango da.

Herritarrek ere ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izateko, “baita senideei euren gertutasuna adierazteko aukera izan dezaten, Udalak pantaila handi bat jarriko du Kulturaten. Udaletik arrasatear guztiei gonbitea egiten zaie Kulturaten ekitaldia jarrai dezaten, edo Herriko plazan familiei gertutasuna agertzera bertaratu daitezen”.

Horrela, “Kulturaten ekitaldia jarraituko duten herritarrei gonbitea egingo zaie Herriko plazara bertara daitezen”. Ondorengo lerroetan azaltzen dira ‘Memoria partekatu baterantz’ liburuan bi biktimei dagozkien bi atalak:

Iñaki Etxabe Orobengoa (1975)

1975eko urriaren 5ean, Batallón Vasco Español erakundeak familiaren Etxabe-Enea jatetxean erail zuen Iñaki Etxabe Orobengoa, 39 urtekoa. Jatetxe horretan egiten zuen lan Iñaki Etxabek, Kanpazar gainean (Elorrio). Familia bezalaxe, biktima Arrasatekoa zen. Alaba bi eta seme bat zituen. Erasotzaileek Etxabe anaietako Luis ere hil nahi izan zuten, bertan baitzen une hartan; baina, sukalde barruan gorde ahal izan zuen bere burua. Tirogileek ke-potoak jaurti zituzten lehenbizi jatetxe barrura, bezeroek ez zitzaten identifkatu. Euskal Herria y la Libertad-en arabera, erasotzaileak “guardia zibilak zirelako zantzuak daude”29. Zenbait egunen buruan German Agirre Irasuegi hil zuten, eta haren erailketa egileei buruz jakin zezakeenarekin lotu zen. Atentatua baino hiru hilabete lehenago, beste bonba batek kalte handiak eragin zituen Etxabe-Enean, eta jatetxearen ondoan aparkatutako autoak metrailatu zituzten. Ekainaren 28an beste artefaktu bat aurkitu zuten Jokin Etxabek Baionan zuen jatetxean. Lokala hustu ahal izan zuten orduan. Hilketaren bezperan, atentatu parapolizial baten eraginez Jose Etxaberen autoa txikitu zuten Donibane Lohizunen. Hiru urte geroago, Triple A-k Agurtzane Arregi Letamendi erail zuen, eta senarra, Juan Jose Etxabe, larri zauritu.

German Aguirre Irasuegi (1975)

11 eta 9 urteko bi semeren aita zen. 38 urte zituen eta Bergaran jaioa zen, Arrasaten bizi arren: taxi-gidariaren plaza bat zeukan bertan, eta horixe zuen ogibide. 1975eko urriaren 12an hilda aurkitu zuten Legutioko (Araba) Santa Engrazia urtegian, “kuarteletik 500 metro ingurura”. Halaxe deskribatzen dute Libertad Digital eta Vidas Rotas-ek “In Memoriam” atalean (2010: 62). Hiru tiro zeuzkan buruan, gertutik egindakoak. Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak egindako txostenean esaten denez, “gaiari buruzko informazio zehatza dutela eta, eskuin muturreko taldeak daude lotuta Iñaki Etxaberen atentatuarekin”. Bestalde, Euskal Memoriaren La guerra no declarada lanean (2014: 574) zuzenean egozten zaio “Triple A talde parapolizialari”. Foronda txosten-ean (2014: 128) “eskuin muturraren eta talde parapolizialen terrorismoak eraildako zibiltzat” jotzen dute. 2000. urtean, biktimaren seme Jokinek Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordera jozuenean, ponentziak bere iritzia jaso zuen. Honela dio: “familiak susmatzen du Guardia Zibilak erail zuela”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen