Ilusioz ekingo diote denboraldiari Arrasate Rugby Taldeko bi talde nagusiek

0
3995

Pixkanaka-pixkanaka, Arrasateko talde nagusiak ari dira euren denboraldiak hasten eta asteburu honetan errugbiko bi taldeei dagokie sasoiko euren denboraldiko lehen partidak jokatzea. Asteburu honetan Euskal Ligak jarriko dira martxan eta, Kanpanzar Arrasateren kasuan, estreinaldiko partidua etxean jokatuko dute. Euskadiko Errugbi Federazioak egindako zozketan Baztanen jokatzea egokitu zaie Julen Barrutiaren mutilei lehenengo jardunaldian baina, bi taldeek hala adostuta, oraingo honetan norgehiagoka Mojategin jokatuko da eta, bigarren itzulikoa, berriz, Lekarozen. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 18:15ean. 

Ilusioz beterik ekingo dio denboraldi berriari Kanpanzar Arrasatek, iazko ikasturtean egindako lan ona hobetzeko helburuarekin. Apirilera arte luzatuko den fase erregularrean sarrailagileek beste zortzi talderi egingo diete aurre, joan-etorrikoa izango den liga txapelketan. Barrutiaren mutilen aurkariak honako hauek izango dira: Baztan, Getxo, Uni Bilbo, Durango, Atletiko San Sebastian, Zarautz, Eibar, Errioxa eta Uribealdea.

Esan bezala, lehen itzulia asteburu honetan abiaraziko da eta, bigarrena, Gabon ostean, urtarrila erdialdean. Azken jardunaldia apirilaren 10eko asteburuan jokatuko da eta, horren ostean eta amaierako sailkapena aintzat hartuta, amaierako faseak jokatuko dira, non talde batzuk kategoriaz igotzeagatik borrokatuko duten eta, beste batzuk, maila ez galtzeagatik.

Neskak, Hernanin
Mutilek bezala, Euskal Ligako egungo txapeldun Geurea RT-k ere asteburu honetan ekitekoa zen denboraldi berriari, iazko titulua berresteko asmoz. Joseba Zabalaren neskek, aurten ere Urgozo eta Elorriorekin taldea partekatuz, Landaren jokatu beharra zeukaten baina, aurkariekin adostuta, lehen hitzordu hori atzeratzea erabaki dute.
Senior mailako nesken egutegiaren hasiera mutilena bezalakoa baldin bada ere, lehenengo fasearen amaiera urtarrila inguruan izango da. Zabalaren neskek beste bederatzi talde izango dituzte multzokide, buelta bakarrekoa izango den liga txapelketan. Konbinatu euskaldunaren aurkariak honako hauek izango dira: Hernani, Uribealdea, Errioxa, Bilbo, Gaztedi, Durango, Txingudi, Donosti eta La Unica.


Mondra eta Mondrate, lehen garaipenaren bila

Miraririk behar ez duten arren, Martitxuren laguntza ederki etorriko litzaieke Mondra eta Mondrateren gizonezkoen talde nagusiko partaideei denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko. Bi hauen artean, areto futboleko taldea izango da etxean, Musakolako kiroldegian, arituko dena, bihar larunbata, arratsaldeko 17:00ean hasita. Zaragozako Entrerrios taldea izango da arrasatearren arerioa, aurkari benetan gogorra, orain arte jokatutako bi partidak irabazita helduko direnak. Mondrateren sentsazioak orain arte ez dira txarrak izan, baina hasterako bazekiten aurten puntuak batzea benetan zaila izango zela.

Futboleko Mondrak, bere aldetik, bi berdinketa eskuratu ditu jokatutako hiru partidetan, baina sentsazioak, batez ere Beasainen aurkako azken partidan, ez dira nahi bezalakoak izan. Ordizian izango dute Jorge Davilarenek bolada on bati hasiera emateko aukera, larunbatean, 18:45ean hasita. Hasiera batean, Altamira zelaiak ez dirudi lekurik txarrena lehen garaipen hori eskuratzeko, goierritarrek orain arte jokatutako hiru partidak galdu baitituzte, baina horretarako, arrasatearrek ere, eraginkorrago aritu beharko dute.

Iganderako, Iturripe 13:00, geratuko da Arrasate Eskubaloikoen gizonezkoen lehen taldekoen partida. Zarautzen bisita izango dute eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratu nahiko dute moreek. Zarauztarrak azpitik dituzte sailkapenean, jokatutako bi partidetan puntu bakarra eskuratuta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen