Etxeratek adierazi du egungo testuingurua “urruntzearen eta sakabanaketaren behin betiko amaieraren ataria” dela, “35 urte luzeren ondoren”.
Euskal Herriko espetxeetan diren presoentzat “errazagoak dira haien espetxeko bizimodua hobetzeko izapideak”. Halaber, aurrerapauso hau “esfortzu eta lan handiaren emaitza” dela azpimarratu du.
Bide honetan, lorpen hau “batez ere Euskal Herriko herri eta auzoetako pertsona askoren lan nekaezinari eta euskal gizartearen mobilizazioari esker lortu da, noski”.

Otsailean “hirugarren gradu berriak eman dira; hirugarren graduren bat berretsi da, eta baldintzapeko bi askatasun. Baina berriro kendu dira onetsitako bi gradu” Ainhoa Barbarini eta Asier Karrerari.
Horregatik Etxeratek berretsi du “mobilizazioa eta lana ezinbestekoak izango direla hemendik aurrera ere”. Era berean, gogoan izan ditu sakabanaketaren ondorioz hildako 16 pertsonak.
“Urruntzearen amaierarekin, gure herriak bizi izan duen etapa latz bat itxiko dugu – baloratu du – eta beste bati ekingo diogu, etengabe aurrera egiteko asmoz”.

Horren harira, ikur berria zabaltzen ari da Euskal Herrian zehar, eta adibidez gaur Azken Ostiralak ikurra marraztu egin du Udala plazan, Munarko biribilean.
Gune honetan ere oroigarri bat dago, gogora ekarriz guardia zibilek 1978an Emili Larrea, Roberto Aranburu eta Jose Mari Iturrioz ‘Zapa’ bertan erail zituztela.
Presoen, iheslarien eta errefuxiatuen etxeratzearen aldeko ikur berria Kepa Altube ‘Kopi’k eta Luixito Pagoagak marraztu dute, herrikideak lagun.
Etorkizunera begira, Etxeratek adierazi du “gure esku dagoela datorren udaberrian lanean jarraitzea euskal presoei legedi arrunta aplika dakien, eta gure herrian bizikidetzan aurrera egin dezagun”.