IKERLANek eta Belgikako ABEE ingeniaritzak hitzarmen bat sinatu dute mugikortasun elektrikoaren eta aplikazio geldikorren arloan lankidetzan aritzeko

0
296

Aliantza honek euskal zentro teknologikoa nazioartera zabaltzen lagunduko du. IKERLAN nazioarteko erreferentzia-zentroa da energia biltegiratzeko eta potentzia-elektronikako soluzioetan.

IKERLAN euskal zentro teknologikoak eta Avesta Battery & Energy Engineering (ABEE) Belgikako ingeniaritzak hitzarmen bat sinatu dute elektromugikortasunaren sektorearentzako baterien eta energiaren arloan irtenbide industrialak diseinatzen eta garatzen laguntzeko, baita aplikazio geldikorretanere. Aliantzari esker, bi konpainiek industria-proiektuak batera egin ditzakete nazioarteko merkatuan, batez ere Europan eta Ekialde Ertainean.

Hitzarmen horren bidez, bi erakundeek orain arte berrikuntza- eta ikerketa-proiektuetan izandako harreman estua indartzen dute, industriaren beharrei erantzuteko. IKERLAN nazioarteko erreferentzia-zentroa da energia metatzeko eta potentzia-elektronikarako soluzioetan; gainera, bere ekarpena egingo du digitalizazioaren arloan duen indar teknologikoari esker, ABEEren eskaintza teknologikoa osatzeko.

Marcelino Caballero IKERLANeko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “ABEErekin egindako hitzarmenari esker, IKERLAN nazioarteko merkatuetara hurbildu ahal izango da, eta teknologiari dagokionez hazteko palanka izango da”. Bestalde, ABEEko zuzendari nagusi Noshin Omarrek adierazi duenez, “ABEEren eta IKERLANen indarren baturak bi enpresen posizioa indartuko du Europan eta Ekialde Ertainean”.

IKERLANi buruz

IKERLAN, BRTAko kidea, zentro liderra da teknologiaren transferentzian eta enpresari balio lehiakorra ematen, besteak beste bere ikertzaileen espezializazioagatik. Soluzio integralak eskaintzen ditu, hiru arlo nagusi hauetako hainbat eremu teknologiko uztartuz: Elektronika, Informazio eta Komunikazioko Teknologiak (EIKT); Energia eta Potentzia Elektronika, eta Fabrikazio Aurreratua. 2017an, IKERLANek AENORen egiaztagiria lortu zuen, bere kudeaketa sistema integralagatik (UNE-EN ISO 9001:2015 eta UNE 166002:2014), zeinarekin zentroak I+G+B alorrean duen bikaintasun maila aitortzen baita. Gaur egun, 350 pertsona inguruk osatzen dute langile taldea.

ABEEri buruz

Avesta Battery & Energy Engineering (ABEE) Bruselan (Belgika) dagoen enpresa dinamikoa da, eta mugikortasun elektronikorako eta aplikazio geldikorretarako baterien eta energiaren teknologien arloan espezializatuta dago. Gaur egun, ABEE hazkuntza azkarreko kultura anitzeko enpresa bat da, hainbat nazionalitatetako pertsona-taldeek osatuta. Gaur egun, EBk finantzatutako hamar proiektutan parte hartzen du, horietako batzuk OEMekin (jatorrizko tresnen fabrikatzailea) eta mundu osoko gobernu-erakundeekin egindako industria-proiektuetan (https://abeegroup.com/).

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen