IKERLANek Estatuko teknologia digitalen laborategi aurreratuena inauguratu du

1
638

IKERLAN zentro teknologikoak Estatuko lehen laborategi digital multiteknologikoa, DIGILAB, inauguratu du gaur Arrasaten. Bertan, abangoardiako hainbat teknologia ikertzeko azken belaunaldiko azpiegitura aurki ditzakegu, hala nola robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, safety-a eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa.

2000 metro koadroko azalera du DIGILABek, eta beharrezko ekipamendua du euskal zentro teknologikoa digitalizazioaren arloan industria adimendunerako transferentzia teknologikoaren alorrean aitzindari izaten jarraitzeko. Laborategiak 1,5 milioi euroko inbertsioa izan du, eta Eusko Jaurlaritzaren AZPITEK programaren finantzazioa duen azpiegituren eta ekipamenduaren lehen inaugurazioa da. Azpitek Eusko Jaurlaritzak iaz I+Grako eta ekimenerako abian jarritako laguntza-programa da, eta Euskadiko zentro teknologikoen ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko laguntza ematea du helburu.

IKERLANek erabiltzen dituen teknologia digitalek ia mugarik gabeko aukerak eskaintzen dizkiete aplikazio desberdinei. Industria-arloan, makinen eta prozesuen funtzionamendua optimizatzeko aukera ematen dute; horretarako, modu autonomoan (makinistarik gabe) ibiltzeko gai diren trenak, igogailuak edo energia eolikoa sortzeko sistema adimendunak garatzen dituzte, nork bere burua diagnostikatzeko eta akatsak aurreikusteko gai direnak, edo kontsumitzaileen nahiei aurrea hartzeko gai diren kontsumo-sistemak. IKERLANek aplikazio horietan guztietan lan egiten du munduko enpresa lokal eta multinazional aitzindariekin.

Inaugurazioan parte hartu dute Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Iñigo Ucín MONDRAGON Korporazioko lehendakariak, María Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Ion Etxeberria IKERLANeko zuzendari nagusiak.

Gainera, zentro teknologikoarekin lotutako enpresa eta erakunde ugarik parte hartu nahi izan dute ekitaldi horretan, eta bisita bat egin dute instalazioetara. Bisita horretan, ikertzaileek hainbat garapenen erakustaldiak egin dituzte. Zentroa garapen horiek nazioarteko erreferentziazko bezeroentzat egiten ari da. Halaber, Telefónica Tech, Nestlé, Aldakin, Orona, Ingeteam eta CAF enpresetako zuzendariek ere parte hartu dute ekitaldian, eta hainbat elkarrizketa izan dituzte teknologia digitalen arloko erronkei eta DIGILABen espazioak enpresei eskaintzen dien ekarpenari buruz.

DIGILAB izango da, halaber, ENACek UNE 17025 arauarekin bat akreditatutako Espainiako zibersegurtasun industrialeko lehen laborategia. Bertan, produktu elektronikoaren adostasuna ebaluatzeko saiakuntzak egin ahalko dira, IEC 62443 arau berriaren arabera. IKERLANek Europako eta Ameriketako erakunde nagusiekin (ISA SECURE, adibidez) erregistratutako eta egiaztatutako metodologia du.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen