Ikerlanek gaur prentsa-ohar bidez erantzun die “Israelen genozidioarekin kolaboratzen” duela dioten adierazpenei. Jakitera eman duenez “Europar Batasunak finantzatutako” proiektuen artean, “bi proiektutan”, “Israelgo enpresaren bat badago ere, garbi utzi nahi dugu IKERLANek ez duela teknologiarik transferitu edo harreman ekonomikorik izan enpresa hauekin, proiektu hauen textuinguruan edo hoietatik kanpo”.
Argazkia: Kanpo arquitectos.
Arrasateko enpresak gaur adierazi du “azkenaldian, IKERLAN ‘Israelen genozidioarekin kolaboratzen’ ari dela salatzen duten adierazpenak jaso ditugula”.
Horren aurrean, “argi eta garbi adierazi nahi dugu gure erakundearen jarrera eta konpromisoa irmoak direla balio etikoekin, giza duintasunarekin eta eskubide unibertsalekin munduko leku guztietan”.
“Horregatik, bat egin dugu Palestinan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa guztiak berehala eta modu definitiboan amaitzeko exijentziarekin”.
Ikerlanek azaldu duenez “koherentzian, Euskal Herriko beste Erakunde batzuk egin duten moduan, jakitera eman nahi dizuegu 2024ko azarotik IKERLANek uko egin diola Israelgo estatuko enpresek edo erakundeek parte hartzen duten ikerketa, lankidetza edo garapen-proiektu berrietan parte hartzeari”.
Horren “ondorioz proiektu horietan guztietan jaso ahalko genituzkeen diru iturri guztiei uko egin diegu”.
Gehitu duenez “aurretik martxan genituen Europar Batasunak finantzatutako 30 ikerketa-proiektutik gora aztertu ditugu, eta horietako bitan, beste partaide askoren artean, Israelgo enpresaren bat badago ere, garbi utzi nahi dugu IKERLANek ez duela teknologiarik transferitu edo harreman ekonomikorik izan enpresa hauekin, proiektu hauen textuinguruan edo hoietatik kanpo, ez eta Israelgo beste edozein enpresarekin ere”.




