Iker Zubizarreta: “Neowise kometari Kurtzetxikitik argazkia egitea une bikaina izan zen”

0
1499

18 urteko arrasatear honek Udako Mondraberri Txapelketa eta Goienako Elurretako Argazki Lehiaketa irabazi ditu azken urtean. Gainera, EITBri zenbait argazki aurkeztu dizkio.

Argazki handia: Iker Zubizarreta Iturbe / argazki txikia: MB artxiboa.

“Duela bi urte inguru hasi nintzen argazkilaritzan – azaldu digu oraintsu – hanka apurtzearen ondorioz. Nire lagunak jaietan ibiltzen ziren bitartean ni gurpildun aulkian egon behar nintzen”.

Baina Ikerrek egoera hori baliatu zuen zaletasun bati ekiteko: “Kantabria aldera oporrak igarotzera joan ginen, arrebari kamera hartu nion, eta amak aulkian eramaten ninduen bitartean, ni argazkiak egiten hasi nintzen”.

Argazki gehienak “mendialdean egiten ditut, eta nire gustukoena da mendiko kirolen argazkiak egitea. Argi gutxierekin ere irudiak hartu ditut”.

Horretarako “zailena da goizaldeko 02:00-03:00 aldera ohetik jaikitzea. Hemendik gutxira esne-bidearen denboraldia hasiko da, baina tamalez etxeratze-agindua indarrean dago”.

Ikerrek oraingoz 18 urte ditu eta “kotxerik ez daukadanez, Arrasate inguruko mendietan ibiltzen naiz, Udalaitzen, Kurtzetxikin, Murun,… eta orain [elkarrizketa egitearen unean] Tellamendin nago”.

Argazki ikusgarriak eta ederrak egitea lortu du, eta horietatik “niri ilusio handiena eragin didana, edo egiteko gehien motibatu ninduena, iazko udan izan zen”:

“Neowise kometa igarotzekoa zen, eta hurrengo egunean Pirinioetara joatekoa nintzen. Arrasateko azken gau horretan, 22:00ak aldera Kurtzetxikira joan nintzen, argazkia egitera”.

“Begi hutsez, ez zen kometa ondo ikusten, baina aurrez etxean aztertua nuen kometaren posizioa gutxi gorabehera zein izango zen, Udalaitz erreferentziatzat hartuta”.

“Kamerari esposizio luzea jarri nion, eta horri esker kometa eta bere estela jaso nituen argazkian. Une bikaina izan zen. Gainera, enkuadrea aukeratzen ari nintzela, Kurtzetxikin dabiltzan zaldietako bat enkuadre barruan jarri zen”.

Ikerrek jendea animatzen du “tabernak gauean itxita egon behar direnez, momentu aproposa da mendira gehiagotan joateko eta naturaz gozatzeko”.

Ikerren argazki gehiago: @zu2pic

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen