Ludotekak gaur, irailak 12, irekiko dituzte, irailaren 13an, bihar, zabalduko dira auzoetako gaztetxokoak eta irailaren 16an, ostirala, GAZTELEKU BERRIA, Nafarroa etorbidean.
Beheko testua: Arrasateko Udala.
Iritsi da iraila eta honekin batera Arrasateko Ludotekek eta Gaztetxokoek ere ohiko jardunari helduko diote. Aisialdi hezitzailea oinarri duten kalitatezko zerbitzuak eskaintzea dute helburu zerbitzu hauek, gure herriko haurren eta nerabeen interesak, beharrak eta egoera emozionala erdigunean jarriz.
LUDOTEKAK: irailaren 12tik 30era ate irekiak
3-11 urte arteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. Jolaserako eta gozamenerako guneak, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte hartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko… beti ere, berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta.
Zerbitzuen irekiera: irailaren 12an irekiko dituzte ateak Okendoko, Santamañako eta Usaetxeko ludotekek, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.
Ate irekiak: irailaren 12tik 30era. 3 ludotekak irekita egongo dira zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko, hezitzaileekin hitz egiteko, … Eta urriaren 3tik aurrera izena eman duten haurrek izango dute aukera ludotekara gerturatzeko.
Izen emateak Ludoteketan egin daitezke edo online www.arrasate.eus webgunean. Aukera egongo da hiruhileko bakoitzean izena emateko, edo urte osorako. Kuota: 30 € urte osoan / 10 € hiruhileko. Kalean ere zabalkuntza emango zaio zerbitzuari auzo desberdinetan egingo diren hiru saioekin:
- Irailaren 20an Santa Marina auzoan
- Irailaren 27an Uribarri auzoan
- Irailaren 29an erdigunean
- Ordutegia: arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.
GAZTETXOKOAK: irailaren 13tik zabalik
12 eta 17 urte arteko nerabeei eskaini nahi zaie espazio bat euren garapenean esanguratsuak diren arloak lantzeko: pertsonen arteko harremanak, parte hartzea, sormena, autonomia, emozioak…
Irailaren 13an zabalduko dira auzoetako gaztetxokoak, martitzenetik egubakoitzera, 17:00-20:00.
GAZTELEKUA
Asteburuko aisialdi eskaintzan nobedade batekin hasten gara: nerabeentzako gune berria martxan jarriko da Nafarroa etorbidean, tren geltoki zaharrean: GAZTELEKUA. GAZTELEKUA irekiko da irailaren 16an, ostirala, 18:00etan. Hasiera-hasieratik nerabeen partehartzea sustatzeko, asanblada bat egingo dute, ostiralean eta zapatuan, denon artean espazioa antolatzen eta hornitzen joateko. Domekan berriz, zine saioa egongo da.
Irailaren 16tik aurrera, GAZTELEKUA astebururo irekiko da, ordutegi honekin: egubakoitzean 18:00-21:00 / zapatu eta domekan 17:00-21:00.
Maitane Muñoz Goikoetxea Garapen Komunitarioko zinegotziak nabarmendu du ezinbesteko zerbitzuak direla Ludotekak eta Gazteleku ezberdinak: “Argia da gazteentzat kultura-, jolas-, prestakuntza- eta aisialdi-eskaintza handitzeko udalaren apustua. Ludotekek eta Gaztetxoko ezberdinek gure herritar gazteenen garapenean zuzenki eragiten dute kalitatezkoa, bertakoa eta euskalduna den udal-zerbitzua eskainiz. Are gehiago aurten, Nafarroa etorbideko Gaztelekuarekin. Eremu egokia prestatu dugu baina edukiz janzten joango gara orain gure gaztetxoekin. Beraz, Gazteleku berriaren garapenean ere ardura izango dute arrasatear gazteenek eta beren neurrira eraikitako eskaintza osatuko dugu elkarlanean”.
Informazio zabalagoa eta argibide guztiak udaleko Gazteria sailean eskura daitezke, 943252088 telefonora deituz edo gazteria@arrasate.eus helbidera idatziz.