Ikasle Sindikatuak elkarteak grebara deitu du EAEko institutuetan, maiatzaren 18an ikasgeletara itzultzearen aurka

0
632

Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeriaren aurka, gure osasunarekin eta etorkizunarekin ez da jolasten!

Testua: Ikasle Sindikatuak

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18an klaseak berriro hasteko asmo irmoa iragarri du. Egun horretatik aurrera “ikasturte sentiberak” izendatu dituztenak hasiko lirateke: 2. Batxilergoa, Goi Lanbide Heziketako 1. eta 2. maila, eta Erdi mailako eta oinarrizko Lanbide Heziketako 2. maila. Plan horien arabera, aste bete beranduago, maiatzaren 25ean hasiko lirateke 4. DBH, 1. Batxilergoa eta Erdi mailako LH 1. Erabaki hori desastre hutsa da eta gure osasuna arriskuan jartzen du. Ikasle Sindikatutik neurri honen guztiz aurka agertzen gara, arduragabekeria itzela dela salatuz, eta dei egiten diegu ikasle guztiei desastre honi uko egitera: klasera ez joateari dei egiten diogu, greba orokor mugagabeari.

EAJrentzat gure Osasuna eta gure hezkuntzak ez du ezer balio

Eusko Jaurlaritzak klaseak presaka hasi nahi izatea azaltzen duen arrazoi nagusienetako bat da bere euskal patronaleko lagunek ez dutela minutu bat gehiago itxaron nahi ekoizpen guztia martxan jartzeko, gure gurasoak beren lanpostuetara bidaltzeko, eta, horrela, haien irabazi ekonomikoak bermatzeko. Ez dute zentimo bat ere gastatu nahi familia kontziliaziorako neurriak eskatzen dituzten gurasoen ordaindutako baimenetan. Horregatik bidaltzen gaituzte klasera: irabazi ekonomikoa guztiaren gainetik jartzen dute eta gure osasunak eta hezkuntzak ez du ezer balio eurentzat.

“Ikasturte sentiberak” deitu dituztenak ikasgeletara itzultzea behin eta berriz apimarratu izanak erakusten du, era berean, kosta ala kosta zer mantendu nahi duten: langile familientzat hezkuntza oztopo lasterketa batean bihurtzeko diseinatu dituzten mekanismo guztiak.

Ikasturte hauetan -4. DBH, batxilergoa eta Lanbide Heziketa- titulazioak konkretatzen dira, nork jarraitzen duen ikasten eta nork ez, nola eta zein baldintzetan. Eurentzat eztabaida orotatik kanpo dago hezkuntza sistematik kanporatzen eta esplotaziorako izaki bihurtzen gaituzten garbiketarako froga guztiak ezabatzea. Bestalde, erabaki honekin praktikan erakutsi dute guztiz faltsua dela online klaseen inguruan egin duten propaganda, agerian utziz ezin ditugula onartu hirugarren ebaluazioko azterketak, ezta selektibitatea ere.

EAJren eredua: klasismoa, azterketak eta bazterketa

Benetan lotsagarria da EAJren ahotik berriro ere entzun behar izatea erabaki honetarako funtsezko irizpidea osasunarena dela. Beraintzat funtsezko irizpidea inoiz ez da izan osasuna ezta hezkuntza ere. Horrela erakusten dute hezkuntza publikoari eta Osakidetzari urteetan egindako murrizketek eta zerbitzu hauen pribatizazioak. Gauza bakarrak arduratzen ditu: beren lagun enpresariek dirua irabazten jarraitzea.

0 eta 1 urteko haur eskolak irekitzeko erabakiak begi bistan uzten du zein den euren benetako xedea: langileak lanera joatera derrigortu nahi dituzte, eta horretarako beren seme alabak nonbait uztera behartu nahi dituzte, arriskuan jarriz bada ere.

Klasera itzultzeko planteatu dituzten neurriak benetan lotsagarriak dira, eta betetzeko ezinezkoak hezkuntza publikoan pairatzen den hondamen egoeran: ikastetxe barruan ikasle, irakasle nahiz langileek maskarak erabiltzea, ikas mahaien artean 1,5 metrotako distantzia mantentzea, bost ordutako ordutegi intentsiboak, sarrerak eta jolas orduak txandaka egitea… Baina, nola bermatuko dituzte distantziak erabat masifikaturik dauden ikasgeletan, eskola publikoetako espazio txikietan eta instalazio prekarioetan? Bermatuko al dute ikastetxe guztien desinfekzioa eta guztiontzat testak eta maskarak? Nola antolatuko dute garraio publikoa, erabat gainezka joaten diren autobusetan? Nola joango dira klasera beste erkidegoetan bizitzen dauden Lanbide Heziketako ikasleak?

Jada ikusi dugu ospitaleetan, erresidentzietan eta lantokietan hilabete hauetan zehar, instituzioek bermatu beharko lituzketen bitartekoen gabeziak ez dituela geldiarazten beren erabateko axolagabekerian. Hezkuntza publikoan berdina da. Aski da, iruzurrik ez!

Beren murrizketa eta hezkuntza kontraerreformen aurka. Irakasle, guraso eta ikasleak elkarrekin borrokatu behar dugu!

Erabaki honek muga guztiak gainditu ditu. Hilabete hauetan etengabe jasan dugun utzikeria eta zentzugabekeria ikaragarria izan da Madrilgo Gobernuko Hezkuntza Ministerioaren aldetik (neurri hau ontzat eman du) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik, beren erabakiak hezkuntza komunitateari bizkarra emanez inposatuz.
Erabateko larrialdi sozialeko egoera eragin dute hezkuntza publikoan eta gainera, Eusko Jaurlaritzaren etorkizuneko planek argi uzten dute murrizketa gehiago eta hezkuntza lege klasista eta segregatzaile berriak aurrera eraman nahi dituztela.

Konfinamenduan langile familietako ikasleak bizi izan dugun estres egoeran zehar (zendutako gertukoekin, gurasoen ERTE eta kaleratzeekin, etab.) ikasketak benetako infernua izan dira.

Asko hitz egiten digute IKT eta konpetentzien inguruan, baina ez dute inolaz ere materiak eta metodologia pedagogikoak berregituratzeko planik egin, ezta irakasle gehiago kontratatu ere. Dena irakasleak eta ikasleak presionatzea izan da, “inor erlaxatu ez dadin”, egutegia zorrotz jarraitzera eta kosta ala kosta materia guztiak irenstera behartuz, lanez gainezka, ezin burua altxa ikasketetatik egun guztian zehar, estresaturik, buruan soilik notak eta azterketak gainditzea ezarriz. Hau ez da irakastea ez ikastea! Esplotaziorako heztea da, norgehiagokan eta kanporaketan.

Gure osasunaren eta hezkuntzarako dugun eskubidearen alde. Denak grebara maiatzaren 18tik aurrera!

Egoera honetan, langile familietako seme alabak hezkuntza sistematik masiboki kanporatuak izatea eragoztea ahalbidetu dezakeen irtenbide bakarra hezkuntza publikoa erreskatatzeko plan bat berehala martxan jartzea da, finantzaketa ekonomikoa irmoki igotzean oinarritua.

Ikasle sindikatutik klasera itzultzearen aurka agertzen gara erabat eta hirugarren ebaluazioko azterketak eta selektibitatea bertan behera uztea exijitzen dugu. Langileen, ikasleen eta gurasoen sindikatu eta erakunde guztiei dei egiten diegu elkarrekin uko egitera maiatzaren 18an klasera itzultzeari, egun horretan greba mugagabearekin hasiz ikastetxe guztiak itxirik mantendu daitezen eta Eusko Jaurlaritzari exijitzeko gure aldarrikapenak bete ditzatela:

1. Klasera itzulerari ez! Ikasturtea berehala amaitzea! Ezin da ikasleen eta hezkuntzako langileen osasuna bermatu. Ikasketa-planak berrantolatzea, hurrengo ikasturtean aurrez aurre egin ezin izan ditugun funtsezko edukiak berreskuratzeko.

2. Ikasle guztiek ikasturtean mailaz igotzea. Ikastetxe guztietan, salbuespenik gabe, ikasturteko batez bestekoa lehen bi ebaluazioekin egin behar dute.

3. Hirugarren ebaluazioko azterketa guztiak eta selektibitatea bertan behera uztea. Unibertsitatera sartzeko gutxieneko notak kentzea. Ikasi nahi dugun karreran behar adina plaza bermatzea guztiontzat.

4. Kalitateko hezkuntza publikoaren alde, euskaraz eta doan. Hezkuntza publikoa erreskatatzeko plan bat berehala abian jartzea –haur eskolatik unibertsitatera -, denboran iraungo duena eta honako hauek jasoko dituena:

• Murrizketa guztiak atzera itzultzea. Irakasleak masiboki eta berehala kontratatzea eta bitarteko irakasleentzat milaka lanpostu finko sortzea.

• Ratioak irmoki jaistea ikasgela bakoitzeko 15 ikaslera, gure osasunerako segurtasun-neurriak eta banakako arreta bermatzeko, ikasgelak ixteagatik ikasi ezin izan ditugun edukiak ahalik eta lasterren berreskuratu ahal izateko.

• Bekak irmoki igotzea eta legez bermatzea familia langileentzat hezkuntza erabat doakoa izatea haur-hezkuntzatik unibertsitatera.

• Euro publiko bakar bat ere ez Eliza katolikoari, ezta irakaskuntza pribatuko enpresaburuei ere.

• LOMCE, Heziberri eta kontrarreforma klasista guztiak indargabetzea.

Lanbide Heziketa

1. LHko ikasle guztiok udako hilabeteetan edo irailean egin ahal izatea gure praktikak osorik, behar diren ordu guztiekin, tasarik berriro ordaindu gabe, ordaindutako praktikekin eta, aurten beka izan dutenak hori mantentzea.

2. Goi-mailako ikasketetan sartzeko titulua behar duten ikasleek azken ebaluazioko irakasgaiak eta praktikak proiektuekin edo ziklo-amaierako lanen bidez baliozkotu ahal izatea.

3. LHko ikastetxe guztiak sare publikoan sartzea, irakasleak irakaskuntza publikoko langile bihurtuz eta doakotasuna eta behar diren plaza guztiak bermatuz. Doako Lanbide Heziketa publiko eta kalitatezkoaren alde. Arrakala digitalarekin amaitu eta kalitatezko prestakuntza bermatu, beharrezko baliabide material eta teknologiko guztiekin batera.

Unibertsitatea

1. Ikasle bakar bat ere ez dadila unibertsitatetik kanporatua izan. Ikasle guztiek gai dena eskuratu eta mailaz igo behar dute, eta online azterketak egin eta aurkezteko moduan daudenek nota hobetzeko aukera izatea.

2. Bigarren seihilekoko unibertsitateko matrikulak osorik itzultzea eta martxotik aurrera alokairuen eta unibertsitateko egoitzen dirua itzultzea.

3. Baliabide gutxien dituzten ikasleen aurkako zigorrik ez! Bigarren, hirugarren eta laugarren matrikula gehigarriak kentzea.

4. Beka plana irmoki igotzea eta beka eskuratzeko nota 5era jaistea. Aurten beka bat lortu duten ikasle guztiek datorren ikasturtean hori mantentzea.

5. Unibertsitate publikoa erreskatatzeko plan bat abiaraztea, doako eta kalitateko hezkuntzarako dugun eskubidea bermatzeko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen