“Ikasle bakoitzaren beharren arabera egiten dugu lan Ardatzen”

0
962

“IKASLE BAKOITZAREN BEHARREN ARABERA EGITEN DUGU LAN ARDATZEN, HAIEN ESKAKIZUNAK ZEIN GUK IDENTIFIKATUTAKO EZAUGARRIAK KONTUAN HARTUZ”.

Izar Ijurra Goñi, 23 urteko arrasatearra, Ardatz Ikasketa Zentroko irakasle da, eta Lehen Hezkuntzarako zerbitzuaren arduradun. Iazko ekainean magisteritzako ikasketak amaituta, ikasturte berria hastearekin bat Ardatz Ikasketa Zentroan irakasle hasi zen.

Nondik datorkizu Lehen Hezkuntzako irakasle izateko grina?
Esango nuke txikitatik erakarri izan nauela lanbideak. “Zer izan nahi duzu nagusitan?” galdetzen zidatenean beti zegoen aukeren artean irakasle izatea nahi nuela. Gero, urte eta bizipenekin batera nire grina hori indartzen joan da. Batetik, konturatu nintzelako gaur egungo hezkuntzak LHko ikasleak haurrak direla ahaztu duela, LHko etapa DBHrako aurreprestaketa bilakatu baita. Horregatik, haurrak haurren arabera hezteko beharra ikusten dut, eta eginkizun horrek asko motibatu eta erakartzen nau. Bestetik, poztu egiten nau haurrek trasmititzen dituzten bizitasun eta aniztasuna nire egunerokotasunean izateak.

Zelan laguntzen die Ardatzek ikasleei? Nola egiten duzue lan?
Ardatzen fokua ikaslearengan jartzen saiatzen gara. Hori dela eta, 4-5 ikasleko taldeetan egiten dugu lan. Horrela errazagoa egiten zaigu irakasleoi banakako esku-hartzeak egitea, eta ikasleei ere ingurune eroso batean haien erritmora lan egitea errazten zaie. Aipatutako esku-hartzea ikasle bakoitzaren beharren arabera egiten dugu, haien eskakizunak zein guk identifikatutako ezaugarriak kontuan hartuz. Hori horrela, zentroak eskaintzen duen laguntza gertukoa eta behar desberdinei irekia da.

Azken bi ikasturteak pandemia egoerak izugarri baldintzatu ditu. Zer nabarmenduko zenuke hezkuntzak gainditu behar izan dituen erronken artetik? Nola ulertzen dituzu pandemiaren ondorioak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan?
Asko izan dira hezkuntza arloan gainditu diren erronkak, baina etengabeko esfortzua goraipatuko nuke. Ikasle, irakasle, langile zein familiek egin duten esfortzua oso handia izan da. Azkenean, asko izan dira epe motzean jasandako aldaketak, hala nola, online klaseak eta azterketak, eskolako txanda eta ordutegi berriak, kideen arteko kontaktu eza eta familiek egin beharreko etxeko jarraipena.

Ondorioei dagokienez, onurak eta kalteak antzeman ditut ikasgeletan. Alde batetik, tresna erabilgarri bat gehitu dugu gure baliabideetara, ikaskuntza-irakaskuntza birtuala dena. Ordea, pandemiak ustekabean harrapatu gintuen lehenengo hilabeteetan eta, ondorioz, hutsune akademiko esanguratsua sortu dela iruditzen zait. Ikasleek eduki asko galdu dutela ikusten ari naiz azken hilabete hauetan, eta horrek dakar ikasleek izan beharko luketena baino maila baxuagoa dutela hainbat alorretan.

Gaur egun gero eta eskolaz kanpoko jarduera gehiago daude. Zer irizten diozu horri? Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Gaur egungo hezkuntza sistemak gabezia batzuk dituela argidago, horien artean, behar guztiei erantzuteko baliabide eza. Horrek berekin dakar ikasle kopuru batek oztopoak edota zailtasunak aurkitzea haien ibilbide akademikoan, adibidez, klaseko erritmoa jarraitu ezina. Hezkuntza sistema aldaketa bidean dagoen arren, zoritxarrez zailtasunak izango dituzten ikasleak egongo dira. Hori errealitate bat izanik, nire ustez ukaezina da eskolaz kanpoko jardueren beharra, hein batean ikasle horiek behar duten errefortzu onuragarria baita.

Zeren bila doaz ikasle nahiz familiak Ardatzera?
Ardatzera datozen familiek kezka akademikoak dituzte nagusiki, eta horiek gainditzeko laguntza bila jotzen dute gurera. Aurretik aipatutako banakako esku-hartzeaz gain, gure eskaintza borobilagoa da eta beste esparru batzuetara ere zabaltzen da, hala nola, familiekin gertuko eta konfiantzazko kontaktua mantenduz eta ikastetxeekin harremanak eraikiz elkarlanean jarduteko. Gertutasun eta elkarlanera zabalik egoteak familiak erakartzen ditu, haien kezkak gainditzeko tresna egokitzat ikusi ohi dutelako Ardatz.

ardatz.net

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen