Ezker Anitza- IU eta PCE-EPKek antolatuta, espainiar estatuko II. Errepublikari omenaldia egingo zaio eta estatu ereduaren aldaketa aldarrikatuko da apirilaren 10ean.
Argazkia: Ezker Anitza-IU artxibokoa.
Egun berezi hau apirilaren 14an ospatu ohi da, baina aurten, “Aste Santuko jaiegunekin kointziditu ez dezan, apirilaren 10era, igandera aurreratu da”.
Ezker Anitza- IU eta PCE-EPKek ere azaldu dute ekitaldia Aldai kalean egingo dela, 9. atariaren parean (Elma parean), eta bandera errepublikarra altxatuko dela ‘Himno del riego’ entzun bitartean, eguerdiko 12:00etan.
“Ondoren karpa bat instalatuta egongo da, eta bertaratutako denei mokadu bat eskainiko zaie, musikaz girotuta”.
Ekitaldi honetan Ezker Anitza-IUren koordinatzaile Isabel Salud Areste izango da. Ordezkari honek animatzen du ‘Horizonte República’ deitutako ekitaldi apal honetan parte hartzera.
Izen bereko manifestua “bide-orri egoki eta egingarri” bat da “Hirugarren Errepublikarako prozesua abiatzeko, hau da, Estatu osorako prozesu eratzaile berri bat, ondokoetan oinarrituta”:
“Egiazko demokrazia bat maila politikoan, ekonomikoan eta sozialean, eta Estatuaren plurinazionalitatea onartzea sozialismorako bidean”.
Gainera, Ezker Anitza-IU eta PCE/EPKek proposatzen dute “botere publiko indartsuko Estatu bat eraikitzea, demokratikoa eta parte-hartzailea, eskubideak eta askatasunak bermatuko dituena, eta babestuko duena batez ere gizarteko gehiengo langilea, erregimen monarkiko espainiarri eredu alternatibo gisa”.




