“Beste Martxoaren 8 bat daukagu aurrean. Mugimendu Feministaren eta bere barneko eragile eta aktibisten lan historikoak bere fruitua ematen jarraitzen du gure gizartean, generoen arteko berdintasuna eta jazarpen guztiekiko askatasunaren alde etengabeko borroka politiko eta militantean. Gizarte zibilean egun munduko mugimendurik indartsuena da neurri global batean, politika ugari mahai gainean jartzeko gai izan dena eta heteropatriarkatu kapitalista honek eratzen dituen biolentzia matxista guztiak, ez soilik fisikoak; materialak, sinbolikoak, kulturalak, instituzionalak… agerira atera ditu”.
“Instituzio politiko eta administratibo bezala, ordezkari politiko bezala, dagokiguna mugimenduen borrokei eta aldarrikapenei hemen jarraipena ematea da. Neurri eta proposamenekin interpelatzen du mugimenduak instituzioa eta instituzioari dagokio erantzutea. Eta zein izan da udal instituzio eta bere ordezkaritza politikoaren erantzuna? Ze balantze egin dezakegu? Ba zoritxarrez, azkenengo 5 urteetan balantzea negargarria da. Udal instituzio mailan aintzindari zen udaletxe bat atzerapauso nabarmena eman du urte hauetan. Eta ez da izango berdintasun arloko teknikarien konpromezu edo lan faltagatik, ez da izango mugimendutik egin den bultzada eta borroka faltagataik, ez da izango oposizioko proposamen eta ekimen faltagatik”.
“Aurrekontuetan genero eragina neurtzeko mozioa aurkeztu genuen, onartu zen, urteak pasa dira eta ez daukagu ezer. Udal langileei biolentzia matxistak eta eraso LGTBIfobikoak kudeatzeko formakuntza egitea adostu zenuten. Urteak pasa eta ezerezean geratu da. Mugikortasun planean ikuspegi feminista txertatzeko lan bat egingo zela zin egin zenuten. Urteak pasa eta zero. Pleno aretoko koadroak, memoria feminista… Hainbat hitz eta ekintza proposatu eta sinatzen dituzue, gero bitarteko eta inongo baliabiderik jarri gabe. Jakinda beteko ez dituzuela, postureo hutsa burutuz”.
“Eta ez hori bakarrik, iaz Arrasateko langileei expedientea zabaldu zenieten Martxoak 8-an pankarta bat jartzeagatik balkoian. Zuekin Martxoak 8-rako adierazpen instituzionala ez zinatzea egotzi diguzue. Baina zuen hitzak ez du ezer balio urteetan demostratu duzuen bezala. Ez gara tranpa berean jausiko aurten. Espero dugu Martxoak 8-ko jardunaldia borroka eguna izatea eta mugimendua indarberritua ateratzea”.