Argazkiak: MB artxiboa, Federico Palatino, Otamotz, Udal-liburutegia, Igor Leturia eta NAC.
Datorren astean bertam, urtarrilaren 15ean, ‘Club de cómic’en azken saioa egiteko Joseba Larratxe marrazkilaria gonbidatu du Arrasateko Bibliotekak.
Larratxek “Ni ez naiz Mikel Laboa” komikia ilustratu zuen eta lan horregatik 2023an Euskadi Literatura saria lortu zuen:
Azucena Mongek gidatu ditu udazkenean hasi ziren saio hauek baina azkena izango denez, gonbidatu berezia ekarriko du liburutegiak.
Ohiko saioetan egiten den moduan, “irakurleekin solas egingo du dinamizatzaileak eta honez gain, Larretxek komikiaren sortze-prozesuaz jardungo du, hitzez eta irudiz”.
Otsailetik aurrera liburutegiak euskaraz antzeko jarduera Komiki Kluba eskainiko du, ziklo berria.
Komikiaren inguruko saioak izango dira ere baina dinamizatzailea Igor Leturia arrasatearra izango da.
Liburutegiak baloratu du “Leturia euskal komikiaren inguruko aditua dugula, han eta hemen ditu irakurle taldeak eta aspaldi du blog interesgarri hau”:
https://komikeri.wordpress.com/tag/igor-leturia/
Oraindik badago lekua komiki irakurle euskaldunek izena eman nahiko balute, “hor bai behar dugula irakurle talde sendo bat”.
Igor Leturiak gidatutako lehen saioa otsailaren 12an izango dugu, ondoko komikia irakurriz eta komentatuz: Joana Maiz/ Yurre Ugarte eta baita Joseba Larratxe marrazkilariak sortutakoa.
Jarduera berriak Sakontze Idazketa Tailerrak dira
2024an Oinarrizko idazketa tailerrak egiteari ekin zion liburutegiak, euskaraz eta gazteleraz, Miren Amuriza Plaza eta Alejandro Fdez Aldasoro idazleekin.
“Idazteko gogoarekin jarraitzen dute idazle izateko puntuan daudenek eta horregatik data berriak eskaini ditugu otsailetik maiatzera”.
Bi taldeetako plaza guztiak beteta daude, eta izen-ematea zabalik dagoen arren, bi taldeak osatu dira.
Amuriza Plaza ekingo dio datorren asteko martitzenean, hilaren 14an, eta gaztelaniazko idazketa tailerra otsailaren 18an hasiko da.
Literatura-solasaldiak:
Urtarrilean ere ‘Literatura en lengua castellana’ zikloa irekiko da, dinamizatzaile berriarekin: Amparo Montero, curriculum luzeko literatura irakaslea Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan.
Hiru irakurle talde gidatzen ditu Araban, feminismo eta literaturan aditu honek.
Urtarrilaren 22an izango dugu lehen saioa, Merce Rodoreda idazle katalanaren “La plaza del diamante” irakurrita.
Maiatzean amaituko dira saio hauek, eta ordurako idazle gonbidatu bat ere izango da, “momentuz sorpresa da”.
Euskarazko solasaldiak:
Urteetan Alex Gurrutxaga idazle eta UPVko irakasleak dihardu euskarazko saioen koordinatzaile gisa.
Urtarrilean ohiko programazioarekin jarraituko du liburutegiak, eta ildo honetan, urtarrilaren 30ean “poesia liburu bat izango dugu hizpide: ‘Ulu egiteko bolondres bila’, Harkaitz Cano idazle handiarena”.
Hartara, “ez dugu Cano gonbidatu oraingoan, baina bai otsaileko saioan izango dugun ‘Su festak. Euskal musika jaialdiak XXI. mendean’ saiakera liburuaren egilea”, Jon Urzelai Urbieta.
Urzelai Urbietak saiakera liburu honekin iaz Euskadi saria irabazi zuen, eta honatx informazio zabalagoa:
https://susa-literatura.eus/liburuak/best26
Ingelesera igarota, English Reading Club taldeko solasaldiek aurten ere aurrera jarraitzen dute, John Costellok gidaturik.
Urtarrilaren 21ean eleberri ospetsu baten inguruan solastuko dira: Truman Capoteren “Breakfast at Tiffany’s”.
Eta literaturatik kanpo, “baina ingeles hizkuntzan pausu bat gehiago sakondu nahi duenak jarduera berri bat izango du”:
English conversation group izeneko ekintza antolatu du udal-liburtegiak. “Helburua da ahozko hizkuntza lantzea, modu ez formalean. Hamabostean behin bilduko da taldea”.
Dinamizatzailea Jay Mann, jatorrizko hiztuna dugu, 16 urtetik aurrerakoentzat eta mailak intermediate above-ra izango dira.
Otsailaren 6an eta 20an zein martxoaren 6an eta 20an izango dira momentuz datozen hitzorduak. Baliteke udaberrian gehiago izatea.
Haurren jarduerak:
Urtarrilean bi ipuin kontalari bertaratuko dira, bai Kulturateko liburutegira, bai Santa Marina auzoko liburutegira.
Saio hauek “beti dira arrakastatsuak” eta dagoeneko “plaza guztiak beteta daude”. Aste honen hasieran zabaldu zuen izen-ematea “eta bizpahiru egunetan bete da”.
Azkenik, martxoan ekintza berezi bat izango da, kale-erakusketa bat, baina ez Kulturateko klaustroetan Seber Altube plazan baizik.
Jakiunde erakundeak antolatutako ’24 emakume zientzia, arte eta letretan’ izeneko erakusketa jarriko du liburutegiak. Honatx xehetasun gehiago:
https://www.jakiunde.eus/eu/24-emakume
Testuinguru honetan, Nora Alonso Casajus biologian doktorea, bio-nekazaritzaren aditua, agro-elikaduraren ikuspuntutik, Jakiundeko Jakitunak izenburu hau duen hitzaldia emango du: ‘¿Qué te apetece comer hoy?’.
Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta gaiaren nondik norakoak zehaztu ditu hizlariak:
“En nuestra sociedad, principalmente urbanita, acostumbramos a abrir el frigorífico y acceder de forma fácil, rápida y barata a los alimentos básicos”.
“Por eso, muchas veces no somos conscientes y desconocemos qué estamos comiendo, cómo han llegado esos alimentos a nuestro plato, cómo se originaron, o qué hitos tecnológicos han hecho que el acceso a los mismos sea tan fácil, seguro y barato”.
Martxoaren 13an eskainiko da hitzaldi hau, arratsaldeko 18:00etan Kulturateko areto nagusian.




