Ignacio Zuloagako hainbat bizilagun beilatokia bertan jartzearen aurka azaldu dira

4
2632

Zenbait bizilagunek adierazi dute “toki intimoa ez dela eta aparkatzeko arazoa okertuko lukeela”. Horrela, planteatzen dute San Felipe Elkarlaguntzaren beilatokia “herriaren kanpoaldean jartzea”.

San Felipe Elkarlaguntzak iragarri du beilatoki berri bat proiektatu duela, eta egitasmoa azaltzeko, bilera irekia egin zuen apirilaren 13an Kulturaten.

Zerbitzu hori Ignacio Zuloaga kalean jartzea aurreikusten du, eta asmo horrek aurkako jarrera eragin du bertako hainbat bizilagunen artean.

Horien artean SFEko zenbait bazkide daude, Maria Jesus Altuna eta Mari Carmen Gonzalez esate baterako. Maria Jesusek adierazi digu “atsekabetuta eta haserre gaudela”. Aipatu behar da, beste hainbat bizilagun, proiektua ezagutu ahala, egitasmoaren aurka azaldu direla.

Biak ala biak euren aurkakotasuna azaldu zuten Kulturateko bileran. Izan ere, Banco Santanderren lokal ohia “ez da leku egokia beilatoki bat jartzeko: Arrasateren erdialdean dago eta ez da batere intimoa”.

Kontuan hartzekoa da “kale honetako espaloia oso estua dela eta jende asko ibiltzen dela hara eta hona. Adibidez, taberna zabalik zegoenean, jende asko egoten zen espaloian”.

Beilatokia jarriko bada, zona honetan “hildakoen familiak egongo dira, oso triste, normala den bezala, baina euren inguruan taberna batzuk izango dituzte. Ez zaigu toki egokia iruditzen”.

Kale honetan aparkatzeko arazoa nabarmena da, eta beilatokiak “kotxe gehiago erakarriko lituzke kale honetara. Diotenez kotxe erabiltzaileek 90 minutu doan izango lituzkete Ferixalekuko aparkalekuan”.

Horregatik bizilagun hauek planteatzen dute beilatokia “aparkatzeko toki gehiago dauden eta intimoagoa den toki batean jartzea, herriaren kanpoaldean”.

Maria Jesusek azaldu digu balizko beilatokiaren gainean “nire etxebizitzako sukaldea, egongela eta logela daudela”.

Bizilagun hauen hitzetan, “asmoa ez da behar bezala transmititu: gutun bat bidali ziguten adieraziz beilatokia Ignazio Zuloagan jarri asmo zutela, baina lekua zehaztu barik, eta horren inguruko bilera bat egingo zela”.

Bizilagun hauek iragarri dutenez, apirilaren 23ko “Batzar Orokorrak erabakiko badu hemen jartzea ba onartuko dugu, baina argi gera dadila ez gaudela asmo horrekin batere ados”.

Horregatik, proiektuaren aurka daudenei dei egin diete apirilaren 23ko Batzar Orokorrera joan daitezen, “DNIa eramatea ahaztu gabe”.

Erlazionatutako albistea:

San Felipe Elkarlaguntzak ziurtatu du Ignazio Zuloagakoa kokapen “onena” dela

2021eko apirilaren 19an argitaratutako albistea

4 IRUZKIN

  1. Kriston disparatia! azkenaldian gure herrian hartu diren erabakiak ikusirik, nire galdera zera da, ea norbaitek 2 minutuko ausnarketa prozesua burutzen duen erabakiak hartu edo proposamenak bota aurretik.

  2. Uste dut , bai hiri aundietan eta herri txikietan , beilatokiak herritik kanporuntz jartzen dittuela. Aber nork nahi duen bere etxe azpien horrelako negozio bat eukittia

  3. Ez zait leku batere aproposa iruditzen, eta espero dut plenoak atzera botatzea. Herri erdi erdian, aparkaleku gabe (ferixalekukoa broma da, ez? Tao ezartzen denean ea zenbat leku dagoen beste ia dena egoiliarrendako baita) eta ez da batere toki intimoa, jendeaeen joan-etorri handienetakoa duen leku baten.
    Hiri kanpoaldean aukerak egongo dira eta aztertu mesedez erabakia hartu aurretik.

  4. Uste dut bi aldiz pentsatu gabeko proposamena dela, ez da bakarrik etxebizitzen azpian kokatzeagatik, baizik eta inguru horretan aparkatzeko arazoak daudelako, errepidea eta espaloiak oso estuak direlako.
    Zergatik ez duzue erosten “abandonatutako” lokal industrial bat? Kataiden eta Markuleten badaude eta.
    Bukatzeko, proposamen bat aurrera baino lehenago, zergatik ez diezue auzokideei galdetzen? hain zaila da?
    Gora partehartzea! gora herritarren iritzia!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen