Larunbat eta igande arteko gauean, neguko ordutegia ezarriko da. Horrela, goizaldeko 3:00etan, erlojuak ordubete atzeratuko dira, eta 2:00ak izango dira berriro.
Zergatik egiten da ordu aldaketa?
Ordu aldaketa 1974tik urtean bitan egiten da: urriko azken asteburuan eta martxokoan. Aldaketa hau 1973an petrolioaren lehen krisi handiaren ondoren egiten hasi zen. Europako herrialdeek erlojuak aurreratzea erabaki zutenean gertatu zen, eguzki-orduak hobeto aprobetxatu ahal izateko. 1980an ordu aldaketa onartu zen Europar Batasuneko arautegi batean, eguzki argiko orduak hobeto aprobetxatzeko asmoz.
Hainbat azterketa eta herri-kontsulta eskatu ondoren, Europako Parlamentuak ordu aldaketari amaiera ematea erabaki zuen, eta 2021a baino lehen behin betiko ordutegia ezartzeko eskatu die estatu kideei, udakoa eta negukoa aukeratuz.
Zer ondorio ditu gure osasunean?
Larunbat eta igande arteko goizaldean ordubete gehiago lo egitea onuragarria izan daiteken arren, erlojua mugitzeak ondorio batzuk izan ditzake. ‘Erloju biologikoa’ deritzoguna ordutegi berrira egokitu behar da, eta horrek ahalegin berezia egitea eskatzen dio gure organismoari. Horren ondorioz, baliteke lehenago esnatzea eta igandean ohera lehenago joateko beharra sentitzea. Suminkortasuna, nekea edo loezina ere eragin dezake gugan. Aldaketa honekin lehenengo kaltetuak haurrak dira.
Bestalde, lehenago egunsentia izatea eta, goizean argi gehiago izatea onuragarria da organismoarentzat, eguna hasten laguntzen gaitu, garunean guruin bat aktibatzen baitu, mugimendua edo arreta bezalako funtzioak aktibatzen dituena.