Ibai-Arteren adierazpenak TAO-ren inguruan

0
722

Ibai-Artetik, Arrasateko Merkataritza eta Zerbitzuen Elkartetik, gure ezinegona adierazi nahi dugu atzo, abenduaren 20an, 13:15ean Udaletxeko osoko bilkuren aretoan aurkeztu zitzaigun TAOren inguruko proposamen teknikoaren aurrean. 

Lehenik eta behin, esan behar da bilera hau Ibai-Artek eskatuta egin zela, eta ez Udalak aurreikusita zuelako egitea. Gainera, deialdia elkartearen esku baino ez zuten utzi, Udalak ez zien merkatariei eta ostalariei dei egin, gai honek negozioetarako duen garrantzia jakinda.

TAO sistemari dagokionez, esan behar dugu ez dutela inolako ekintzarik aurreikusi gure dendetara etorri behar duten bezeroek hobariren bat, erraztasunen bat … izan dezaten aparkatzeko, diru-bilketaren zaletasunak baino ez du kezkatzen. Guk aparkaleku pribatuetan ibilgailuak sartzen dituzten herritarrei hobariak ematea, “Ferixalekua” bezalako gune gehiago jartzea, eta abar. proposatzen dugu. Bezeroek aparkatzeko erraztasunak nahi dituzte, eta ez daude prest ordaintzeko, beraz, TAO sistema ezarrita arrazoi gehiago izango dute erosketak Arrasatetik kanpo egiteko.

Eta bezeroentzat ez ezik, lokaletako jabeentzat eta langileentzat ere ez dute aparkalekurik aurreikusi. Arrasaten zergak ordaintzen ditugun lokal eta negozioen jabe garen aldetik (ordaindutako zergak herritarrenak baino handiagoak izanik eta kasu askotan gehiegizkoak, honen adibide da bi langile izatetik hirura pasatuz gero, urtean 500€ gehiago ordaindu behar ditugula zaborrarengatik), gure ibilgailuei eta gure beharrei ere irtenbidea ematea eskatzen dugu. Merkatariok ezin diogu, kasurik onenean, hilean 96€ gehiago ordaindu Arrasateko Udalari lan egin ahal izateko. Gainera, saltokiak ditugun herriko zenbait eremutan egoiliarren guneak baino ez izateak ere haritzen gaitu. Oraindik badaude zamalanetarako guneak egokitu gabeko merkataritza guneak, eta, gainera, aparkatu behar izango dugun gunea urruntzen digute.

Gainera, planteatzen zen edozein iradokizun, proposamen, aukera eta abarren aurrean, erantzuna banaka edo taldean, webgunetik edo Etxaluzen, Bazen, Kulturaten eta Kiroldegian horretarako espresuki ezarri diren  lau postontzietan idazki bat aurkeztea izan zen, bileran bertan, zuzenean, oharrak hartu eta kontuan hartu beharrean.

Azpimarratu behar dugu baita ere, gure aurkezpenera ez zela kargu publikorik hurbildu, eta hori enpatia falta handia iruditzen zaigu. Arrasaten oraindik ez gaituztela baloratzen erakusten duen beste arrazoi bat. Abenduan 4 saltoki itxi dira Arrasaten, eta badirudi ez diola inori axola, noiz izango da Udal honentzat txikizkako merkataritza guztientzat beharrezko den ondare? 

Ados gaude hirigunea atseginagoa egitearekin eta bizi-kalitatea hobetzearekin, baina lehenik eta behin nolako Arrasate nahi dugun jakin behar dugu, norantz jo nahi dugun, eta, ondoren ezarri behar dira TAO bezalako sistemak (hau bada behar duguna), honekin sortu daitezkeen arazoei egokitutako konponbideak ditugunean (disuasorio-aparkalekuak, bidegorriak, bizikleta eta patineteentzako aparkalekuak, bezeroentzako TAO biguneko eremuak, garraio publikoaren sarea hobetu, etab.).

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen