Asteburu honetan Ibai-Artek udazken-neguko Merkemerkaua ospatu du. Arrasateko merkatarien elkartetik azokaren balorazio oso positiboa egin dute. Jon Apraiz Ibai-Arteko kideak azaldu duenez “oso pozik gaude erosleen erantzunarekin. Aurten, eguraldi txarragatik, osteguna izan da egunik ahulena, baina ostiral eta larunbatean erosle asko hurbildu dira. Gainera, denboraldia bukatzeko eta udaberri-udako denboraldiari hasiera emateko modu egokia da.”
Bestalde, asteburuan izan diren kontzertuei dagokienez, Apraizek nabarmendu duenez “guztietan egon da jende asko. Hotza egon arren, arrasatearrek oso modu positiboan erantzun dute. Dirty Dürüm Brass Bandek eta Zirkun Zirkok asko harritu dituzte arrasatearrak, eta askok lagundu zieten herriko kaleetan zehar. Swingcollective eta Erromintxelak taldeen kontzertura ere jende asko hurbildu zen.”