Ibai-Artek arrakastaz amaitu du Gaba Baltza dela eta antolatutako erakusleiho lehiaketa. Herritarren erantzuna bikaina izan da aurtengo edizioan: guztira, 994 boto jaso dituzte WhatsApp bidez, eta lehia oso estua izan da azken unera arte.
Loramendi saltokiak eskuratu du lehen saria, 244 botorekin. Bigarren postuan, oso gertu, Josle sailkatu da, 240 botorekin. Ibai-Artek parte hartu duten saltoki guztien lana eskertu du, eta urtez urte merkatarien inplikazioa eta sormena handitzen ari direla azpimarratu du. Horren erakusgarri izan dira aurten ikusgai egon diren erakusleihoen maila eta egindako lanak.
Bozketan parte hartu duten herritarrak saritzeko, elkarteak 50 euroko lau erosketa-txartel zozkatu ditu botoa eman duten telefono-zenbakien artean. Zenbaki irabazleak 44, 408, 663 eta 796 izan dira, eta Ibai-Arte haiekin harremanetan jarriko da sariak emateko.
Elkarteak herritarren parte-hartzea eskertu du, Arrasateko kaleak biziberritzen eta tokiko merkataritza sustatzen laguntzeagatik. Ekimenak Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa izan du.
Ibai-Artek gogorarazi du establezimendu berriek edo elkartearen ekimenetan parte hartu nahi duten merkatariek 943 793 090 edo 688 734 149 telefonoetara deitu dezaketela.






