Ibai-Artek bertako produktuen 50 saski zozkatuko ditu Merkataritzaren Aste Berdean

0
1448

Argazkia: MB artxiboa / Beheko irudia eta beheko testua: Ibai-Arte.

Tokikoaren alde egiteak saria du: Ibai-Artek Merkataritzaren Aste Berdea ospatuko du, bertako produktuen 50 saskiren zozketarekin.

Ibai-Artek herriko saltokien eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustua berrituko du irailaren 14tik 26ra bitartean.

Arrasateko merkataritza berriz ere berdez jantziko da, udalerriko bizitzan duen ezinbesteko egitekoa eta ingurunearen etorkizunarekin duen konpromisoa aldarrikatzeko. Ibai-Arte Merkatari Elkarteak Merkataritza Berdearen Astearen edizio
berri bati ekingo dio irailaren 14 honetan; herriko egutegian jada errotuta dagoen hitzordua da, eta etxetik gertu erosteak duen eragin positiboaz hausnartzera gonbidatzen du.

Gertuko merkataritzan kontsumitzea herria eta ingurumena zaintzea dela oinarri hartuta, ekimenak bezeroen leialtasuna sarituko du, bertako produktuez lepo dauden 50 saski oso zozketatuz. Parte hartzea oso erraza da oraindik ere: nahikoa da irailaren 14tik 26ra bitartean Arrasateko establezimenduetan ohiko erosketak egitea, erosketa-tiketari argazkia atera eta WhatsApp bidez 688 734 149 zenbakira bidaltzea.

Kanpainaren amaiera borobila urriaren 1ean iritsiko da, 20:15ean, Herriko Plazan; bertan sariak banatzeko ekitaldia egingo da, herritar guztiei irekia, gertuko merkataritzaren balioa elkarrekin ospatzeko.

Ibai-Artetik gogorarazi dute saltoki txikietan egindako erosketa bakoitza ekonomia zirkularraren, 0 km-ko produktuen eta gure kaleen dinamizazioaren aldeko apustu zuzena dela.

Ekimen hau Ibai-Artek antolatu du Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.

*Establezimendu bat baduzu eta Ibai-Arteko edozein ekimenetan parte hartu nahi baduzu deitu 943793090/688734149 zenbakira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen