Ibai Alde etxeko bizilagunak etxera itzuli ahal izan dira gaur goizean, udal arkitektoak oniritzia eman ostean. Gogoratu behar da azken egunetako euriek lur-jausi bat eragin zutela, eta horrek arriskuan jarri zuela eraikinaren egonkortasuna. Eraikinean 3 etxebizitza daude, eta horietan 7 pertsona bizi dira.
Etxebizitzaren egonkortasunari eusteko, Arrasateko Udalak garajearen eta etxebizitzen arteko lotura moztu egin du. Helburua da garajea eroriz gero etxebizitzei kalterik ez egitea.
Ramon Ugalde etxebizitzaren lagunak azaldu digunez, “udalak ahal izan dituen neurriak hartu ditu, baina orain Uraren Agentziaren ardura da beharrezko obrak egitea, horrelakorik berriro ez gertatzeko.” Gaineratu duenez, “Ura Agentziak harri-lubeta bat eraikitzeko konpromisoa hartu du, baina oraingoz ez digute ezer idatziz bidali. 1966tik daramagu ibaia bideratzearen zain horrelako gauzak gerta ez daitezen, eta euria egiten duen bakoitzean zain egon beharrik ez izateko”.