“Ia 40 urteotako laneko politena izan da ikasle txikiek ariketak egitea lortzen ikustea”

0
784

Arantzazu Zubiak Arrasateko Dragoi Gimnasia Taldea sortu zuen, eta ordutik entrenatzaile jardun du bertan. “Hasieran 11 ikasle genituen eta aurten 150 baino gehiago”. Irakasle-lanak amaituko dituenez, omenaldi-sorpresa egin diote duela gutxi Uarkapen.

Ezkerreko argazkia: Udala / Beste irudiak: Arrasate Dragoi Gimnasia Taldea.

Arantzazu ‘Aran’ Zubia 1967ko uztailaren 25ean jaio zen Arrasaten, eta haurtzarotik gimnasia erritmikoa gustatu zitzaion.

Horregatik haurra zenean kirol hau praktikatzen hasi zen, eta 1980. urtean Euskadiko txapelduna izatea lortu zuen.

18 urterekin gimnasta izateari utzi zion baina entrenatzaile gisa jarraitu zuen, orduko Gimka Gazela izeneko elkartean.

Elkarteak izena behin eta berriz aldatu zuen baina berak entrenatzaile jarraitu zuen, bai Arrasate kirol elkartean, bai Arrasate gimnasia taldea, bai egungo Arrasateko Dragoi Gimnasia Kirol Taldean.

Berak eratu zuen egungo taldea, “hasiera hartan 11 ikasle baino ez zituena, eta egun (2024ean) 150 baino gehiago ditu”.

Ibilbide horretan ‘Aran’ek egindako lan guztiaren ondorioz, 2019an Ibilbide Onenaren Saria jaso zuen, Arrasako Kirol Sarietan.

Aurtengo ekainaren 8an ‘dragoiek’ Uarkapeko erakustaldia eman zuten, urtero legeaz, baina ekitaldian sorpresa eman zioten Arani.

“Bene-benetan ez nuela omenaldia espero – azaldu digu gaur pozik – urtero egiten dugun erakustaldia da, eta beste bat balitz bezala hartu nuen, laneko parte bezala”.

Erakustaldia amaitzen ari zenean, “konturatu nintzen nire azken erakustaldia izango zela irakasle bezala, eta negarrez hasi nintzen ezkina batean”.

Omenaldian ohorezko aurreskua eta ohorezko pasilloa egin zizkioten, eta lore sorta, txalo beroak zein muxu ugari eman eman zizkioten.

Kontuan hartzekoa da gainera “omenaldiko dantzariak nire ikasle ohiak direla, eta omenaldian parte hartu zutela taldearen lehen belaunaldiko ikasleek”.

Ia 40 urte egin ditu gimnasia erakusten, eta “lan hau beti da berdina baina aldi berean beti ezberdina da: funtsean berdina da baina urtez urte gauzak aldatzen dira”.

Zein izan dira ia 4 hamarkadetako laneko unerik garrantzitsuenak? “Gutako askorentzat txapelketak irabaztea izan dira, aurrez egindako lan guztiaren kolofoi bezala”.

“Niretzat izan dira ikasle txikiek, hasieran ariketa bat ezin egin, baina saiatu eta saiatu ondoren, ariketa egitea lortzen dutenean, eta poz-pozik esaten dizutenean ‘Lortu dut! Lortu dut!’. Egunerokotasuneko gauza horiek izan dira niretzat politenak”.

Etorkizunera begira, Aranek umorez iragarri du Dragoi taldekoak “ez direla nitaz libratuko, izan ere, jarraituko dut taldearekin harremanetan, taldea laguntzen eta abar”.

“Ibilbide honetan lortu dugu ‘Dragoi familia’ osatzea, eta gauza oso politak egin ditugu, denon arteko elkarlanari esker”.

“Nik bakarrik ezingo nuke hori guztia lortuko, jende askoren laguntza izan dugu, eta horregatik eskerrik asko guztiei”.

Elkarlaguntza horren adibide bat aurreko asteburuan izan zen: “Arrasateko taldeak Gimnasia Aerobikoko txapelketan parte hartu zuen Valentzian, baina Elena irakaslea tamalez gaixo zegoen”.

“Elenak pena hartu zuen, baina Valentziarako bere entrenatzaile lekukoa Leirek hartu zuen, eta taldeak oraingoan ere hainbat domina lortu ditu”.

Aranek gogora ekarri du Elena Lanuza “Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko lehen ikasleetakoa izan zela, eta gaur egun bertako irakasle dihardu”.

“Hasiera hartan 11 neskatila baino ez zituen taldeak, eta gaur egun 150 baino gehiago ditu”. Zorionak Aran eta ondo jarraitu!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen