“Hunkigarria da ikustea umeengan dagoen aldaketa etortzen direnean”

0
694

Bikarte ongintza elkarteak familia berriak behar ditu Errusia eta Bielorrusiako umeak hona ekartzeko

Bikarte Ongintza Taldeak, bi hamarkada daramatza Bielorrusia eta Errusiako umeak hona ekartzen erradiaziotik kanpo denbora bat pasa ahal izateko. Elkartetik esaten dutenez, onurak asko eta anitzak dira umeentzat beraz, beharrezkoa dute hona etortzea eta hemen denbora bat pasatzea. Bikarte soilik boluntarioz osatua dago eta ekintza ugari burutzen dituzte famili berriak lortzeko helburuarekin

Bikarte ongintza elkarteak 20 urte daramatza lanean nola laburtuko zenuke elkartearen helburuak?

Bikarteren helburu nagusia da Errusia eta Bielorrusian egoera larrian bizi diren umeei Euskal Herrian udan edo Gabonetan igarotako egonaldien bitartez laguntzea . Zehazki, gaur egun Bielorrusiako herrixketan bizi diren umeen osasuna hobetzea, erradiazioaren ondorio larriak jasan ez ditzaten. Gainera ume hauek ezagutu dezatela bizitzeko beste modu batzuk badaudela, baliabideak lor ditzaten pobreziatik ateratzeko. Eta hemen dauden bitartean behintzat beste edozein umek bezalako haurtzaroko bizipen positiboak eskaintzea.

Nola sortu zen elkartea?

Elkartea Gailarta inguruan jaio zen Errusiako umeei egonaldiak eskaintzeko, gerra zibileko garaian han hartu zituzten euskal umeei emandako tratua eskertzera gisa. Gaur egun, ikusita Bielorrusiako herrixketa txiroetako umeen erradiazio mailak eta hemen egoteak ematen dizkien onurak, hortan zehaztu dira harrera programak.

Zenbat ume gutxi gora behera ekarri dituzue azkenengo urtetan?
Orain dela gutxi amaitu den Gabonetako kanpainan berrogei ume baino gehiago egon dira, eta udan espero dugu hirurogei baino gehiago ekartzea.

Elkartea sortu zenetik hona 2000 ume etorri dira.

Zein motatako onurak dakar umeentzat?
Onurak asko eta oso garrantzitsuak dira. Ikusgarriena erradiazio tasaren jeitsiera da. Gehienek Osasunerako Mundu Erakundeak osasunaretzat oso larriak diren tasak ekartzen dituzte Euskal Herrirako bidaian, eta joaterakoan izugarri jeitsi dela konprobatzen da, zientifikoki neurtuta. Askori, arrisku tasa horietarik behera jeisten zaie hemengo egonaldiaren ondorioz.

Osasunarentzat dituen onura ikusgarriez gain, beste pila bat daude. Ohitura osasungarriak ikastea, norbere buruan konfidantza hartzea, maitatuak sentitzea, ondo pasatzea, hizkuntza ikasi, eta abar luze bat.

Hemendik joaten direnean umeengan egondako aldaketa ikustea benetan hunkigarria da.

Zein da elkartearen egoera gaur egun?
Bikarte boluntarioz bakarrik osatuta dago eta familia berriak behar ditugu udako kanpainarako.

Elkarteak baditu oraintxe bertan egoera larrian bizi diren eta ateratzeko zain dauden haur batzuk antzemanda, uda honetan bi hilabetetarako ekartzeko. Familiak behar ditugu udako kanpainan ume hauek ekartzeko.

Zein motatako ezaugarriak izan behar dituzte familiak?

Edozein familia edo pertsona izan daiteke boluntario, haurrak izan edo ez. Gogoa izatea da garrantzitsuena.

Umeak hemen daudenean zein motatako ekintzak egiten dituzte?
Familia barruan beste kide bat bezalakoa izaten da umea etortzen denean, beste seme-alabek egiten dutena egiten dute edo hemengo beste edozein umek egingo lukeena.

Elkarteak ekintzak antolatzen ditu umeak eta familiak elkartzeko.

Gainera Bielorrusiatik etorritako monitoreak egoten dira arazorik balego laguntzeko. Normalean, hizkuntza arazoak izaten dira. Elkarteko kideek ere laguntza eskaintzen diete familiei behar izanez gero.

Zerbait gehiago aipatu nahi duzu?
Bai, Arrasaten gauza asko daukagula ume hauei eskaintzeko. Oso esperientzia polita eta aberasgarria dela, jendea animatu dadila esperientzia hau bizitzera. Ume baten bizitza alda dezakegu egonaldi motz hauetan gure etxean hartuta.

Informazio gehiagorako webgunea begiratu daiteke www.bikarte.org edo 605709022 edo 687860395 telefonoetara deitu.

Haurren egoeraz jabetzeko edo Bikarteren lana ezagutzeko badago dokumental motz bat interneten erraz ikus daitekeena “Los niños de Bragin” izenekoa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen