Argazkia eta beheko testua: Mondragon Unibertsitatea.
Bost hamarkada hauetan, 10.000 ikasle baino gehiago igaro dira haren ikasgeletatik, eta ikasleen enplegagarritasun egokitua % 82koa da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan, eta % 84koa, Ikus-entzunezko Komunikaziokoan
2000n Kooperatibismoaren Ikertegia (LANKI) sortu zenetik, 12.000 pertsonak baino gehiagok egin dituzte kooperatiba-ikasketak, hala nola prestakuntza-ikastaroak, lan-saioak eta neurrira diseinatutako mintegiak
Sortu zenetik, hauek izan dira fakultatearen helburuak: gizartea euskarazko hezkuntzaren bidez eraldatzea, irabazi-asmorik gabeko kooperatiba izatea eta berrikuntzan ardaztea
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak ekitaldi instituzionala egin du, gaur, bere 50. urteurrena ospatzeko. Ekitaldia Eskoriatzako campusean izan da, gaur goizean, eta Imanol Pradales Gil lehendakariak hartu du parte, fakultateak sortu zenetik izan duen ibilbideari buruzko hitz batzuk esanez, ekitaldiari amaiera emateko. Fakultatea 1976an sortu zen, irakasleak euskaraz prestatzeko beharrari erantzuteko, eta, halaber, gizartea hezkuntzaren bidez eraldatzeko, irabazi-asmorik gabeko kooperatiba izateko eta berrikuntzan ardazteko.
Bost hamarkada hauetan, 10.000 ikasle baino gehiago igaro dira haren ikasgeletatik; horien artean, gaur egun Euskal Herri osoko ikastetxeetan milaka haurren prestakuntzaren ardura duten irakasle euskaldunak, eta humanitateetako eta komunikazioaren munduko profesionalak. Lanbideren datuen arabera, fakultateko enplegagarritasun egokitua (ikasketekin lotutako arloetan lan egiten duten egresatuen kopurua) % 82koa da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan, eta % 84koa, Ikus-entzunezko Komunikaziokoan. Gainera, ikasketa eta prestakuntza DUALean aitzindaria denez, fakultateak 600 enpresa eta erakunde baino gehiagorekin lankidetzan dihardu, eta lurraldeko ikastetxerik gehienekin du harremana.
Vicente Atxa unibertsitateko errektoreak nabarmendu duenez, «milaka profesional trebatu dira Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta, orain, horietako askok zeregin garrantzitsuak dituzte Euskal Herriko hezkuntza-sisteman, komunikazioan, kulturan eta gizartean. Mondragon Unibertsitatea etengabe ikasten ari den komunitatea da; etengabe sortzen ari dena eta, gizartearekin batera, etorkizuna eraikitzen duena».
Bestalde, Nagore Ipiña fakultateko dekanoak adierazi duenez, «ez da etorkizuneko profesionalak prestatzen dituen espazio bat soilik; pertsonei euren ibilbide osoan laguntzen dien komunitate bat ere bada. Hemen, ezagutzak transmititzea baino gehiago da hezkuntza; pertsonak eta komunitateak eraikitzeko prozesua ere bada. Ikusi ahal izan dugunez, urte hauetan zehar proiektu honek bere sustraiei eusten jakin du, eta, aldi berean, adar berriak sortuz joan da».
Lehendakariak ez ezik, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Nagore Ipiña fakultateko dekanoak eta Amaia Agirre fakultateko presidenteak ere hartu dute parte ekitaldian. Horiez gain, hauek ere izan dira ekitaldian: Juan Ignacio Perez Iglesias, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua; Begoña Pedrosa Lobato, Hezkuntzako sailburua; Bingen Zupiria Gorostidi, Segurtasuneko sailburua; Nerea Melgosa Vega, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua; Bakartxo Tejeria Otermin, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Eider Mendoza Larrañaga, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Xabier Egibar Gainza, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria eta LABORAL Kutxako zuzendari nagusia; Pello Rodríguez Zabaleta, MONDRAGON korporazioko lehendakaria, eta eskualdeko zenbait herritako alkateak.
Jatorria
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 1976an du jatorria, Eskoriatzako Irakasle Eskola zena sortu zenean —gerora, egungo fakultatea eratu zen hartatik—. Eskola hori hasiera-hasieratik nabarmendu zen, Euskadiko aitzindaria izan zelako euskarazko irakasleen prestakuntzan.
Irakasleen lehen promozioak (guztira 39 diplomadunek) 1979an amaitu zituen ikasketak, dagokion Ministerioak ikasketa-plana ofizialki onartu ondoren. 1980an, erakundeak kooperatiba-izaera hartu zuen, eta, horrela, parte-hartzean eta lankidetzan oinarritutako hezkuntza- eta antolamendu-eredu baten aldeko apustua berretsi zuen.
Hurrengo urteetan, hazten eta sendotzen jarraitu zuen eskolak: eskaintza akademikoa handitu, irakaskuntza-metodologiak berritu eta berrikuntza pedagogikoa bultzatu zuen, betiere euskal hezkuntza-eremuarekin zuen lotura handiari eutsiz eta irakaskuntzan euskararen normalizazioa bideratzeko konpromiso irmoa erakutsiz.
Kooperatibismoaren Ikertegia
Duela 25 urte, kooperatibismoa indartzeko premia ikusita, Kooperatibismoaren Ikertegia (LANKI) sortu zen, fakultateari lotuta, eta, azken mende-laurdenean, norabide horretan jardun du.
Gaur egun, Ikertegiak hiru helburu nagusi ditu: MONDRAGON Kooperatiba Esperientzia eta, oro har, kooperatiba-mugimendua aztertzea, ekonomia sozial eta solidarioa sustatzea, eta berrikuntza eta autokudeaketa soziala bultzatzea.
25 urteotan 12.000 kooperatibistak baino gehiagok hartu dute parte prestakuntza-ikastaroetan, lan-saioetan eta neurrira diseinatutako mintegietan. Gainera, LANKIk unibertsitate-eskaintza zabala du: masterrak, aditu-tituluak eta profesionalentzako beste ikastaro batzuk.
Online prestakuntza
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 25 urte baino gehiago daramatza online ikasketak eta ikasketa erdipresentzialak eskaintzen, eta aitzindarietako bat da jardunbide horretan. Ikaskuntza digitalak komunitate berriak sortzen ditu, eta ezagutza partekatzeko bide berriak irekitzen. Gaur egun, fakultateko prestakuntza-eskaintzan, gradu hauek daude: Irakasle gisa Aritzeko Gaitzen duen Masterra, Hezkuntza Berrikuntzarako Ikerketako Masterra, Ikaskuntza Errazteko eta Berrikuntzako Masterra (LIT), Kooperatibismoko eta Kudeaketa Sozioenpresarialeko Masterra, Euskal Kulturaren Eragiletzako Masterra eta zenbait ikastaro eta diploma.
Hezkuntza-proiektua
Mondragon Unibertsitateak eredu propioa du, Mendeberri proiektua, hezkuntza-berrikuntzan oinarritua. Pertsonen garapen pertsonal, sozial eta profesionala bultzatzea da Mendeberriren helburua, ikasleak gai izan daitezen hala etorkizuneko erronka profesionalei erantzuteko nola pertsona eta herritar gisa garatzeko. Proiektuak bat egiten du fakultateko prestakuntza-eskaintzaren ezaugarriekin, eta garapen integrala lantzen du honako hauek erabiliz: ikasleen laguntza pertsonala eta tutoretza, diziplinarteko ikaskuntza-moduluak, ebaluazio formatiboa, nazioarteko esperientziak, praktikak eta ekimen komunitarioa.
IdeiEnea, berrikuntza-gunea
1976az geroztik, fakultateak hainbat proiektu egin ditu, hazteko eta, horri esker, herritarrei zerbitzu berriak eskaintzeko. IdeiEnea nabarmentzen da horien artean. Asmo handiko proiektua da, Aretxabaletako campusean kokatua, eta bi helburu ditu, bereziki: alde batetik, esperimentazioa eta berrikuntza sustatzea euskal komunikazio-ekosisteman —besteak beste— eta ekintzaileei laguntza ematea, eta, bestetik, erakundeei komunikazioaren inguruko talentua, ezagutza eta puntako aholkularitza eskaintzea.
Azken batean, IdeiEneako ekosistemako eragileen artean lankidetza-aukerak sortzea da xedea, haren eragin soziala handitzeko.
Fakultatea 2026an
Gaur egun, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hiru campus ditu: Eskoriatzakoa, fakultatearen jatorria eta hezkuntza- eta kooperatibismo-ikasketak eskaintzen dituena; Aretxabaletakoa, komunikazio-ikasketak eta sormen- eta kultura-industriei buruzkoak eskaintzen dituena, eta Bilbao AS Fabrik, humanitateei eta hezkuntzari buruzko ikasketak eskaintzen dituena.
2026 urtean, guztira, 1.482 ikasle zeuden graduetan, 242 masterretan, 32 doktorego-ikasketetan, 70 titulu propioetan eta 102 ikastaro laburretan. Kooperatibismoaren arloan, fakultateak 103 saiotan hartu du parte, 2.060 pertsona baino gehiagorekin; eta 2.130 ikaslek baino gehiagok hezkuntzarekin lotutako proiektuetan hartu dute parte.
Gainera, fakultateak 80 ikerketa- eta transferentzia-proiektu baino gehiagotan dihardu.




