“Hotzaldi Txikiak Arrasaten uzta txarrak, espekulazioa, matxinadak,… eragin zituen”

1
935

AZEk antolatuta, UPVko Álvaro Aragón Ruano irakasleak ondoko hitzaldia eman zuen atzo Kulturaten.

Goiko irudia: Kulturate.

Ekitaldiaren izenburu osoa honakoa izan zen: ‘Hotzaldi Txikia eta nekazaritzaren bilakaera Arrasateko parrokiaren hamarrenen liburuaren bidez 1550-1860’.

Lehenago, “Erdi Aroan, tenperaturen goraldi bat izan zen, eta horren ondorioetako bat izan zen Ingalaterrako hegoaldean mahastiak zeudela eta ardoa egiten zutela”.

Ondoren, “hotzaldi bat izan zen, gutxi gorabehera 1300. urtetik 1850era bitarte. Planetaren tenperatura 2 gradu jaitsi zen gutxi gorabehera”.

Datu historikoek azaltzen dute “Penintsulan XVI. mendea oso euritsua izan zela”, eta Arrasaten “batez ere, Maunderren Minimoak izan zuen eragina (1690-1730 aldera)”.

Unibertsitate irakasleak baloratu zuen “altxor bat daukazuela: Tazmien Liburua. Liburu historiko horiek ‘tazmiak’ jasotzen zituzten, hau da, nortzuk ziren hamarrenen onuradunak, eta apaiz bakoitzari zegokion zatia zehazten zituzten”.

Arrasateko tazmien liburua “1570etik aurrera sortu zuten”, “Kontraerreformaren ondorioz, Eliza Katolikoko Trentoren Kontzilioak hainbat neurri ezarri baitzituen”:

“Neurri diziplinarren artean, herritarrak kontrolatzeko, liburu parrokiarrak idazten hastea erabaki zuten. Baita fabrika liburuak ere, parrokien egoera ekonomikoak ezagutzeko”.

Gure udalerrian 1690ean, tazmien agiriak jasotzen duenez, “no hubo otra cosa por la grande esterilidad de este año que ha sido mui trabajoso”.

1694an, “lau urteko uzta txarren ondoren, Arrasateko, Eskoriatzako eta Leintzeko biztanleek zerealeak prezio zilegi batean saltzera behartu zituzten Bergarako merkatura, batez ere Gasteiztik, zerealeak zeramatzaten merkatariak. Beharrak bultzatuta”.

“1717an espainiar erregeak mugak lekualdatzea agindu zuen, 1818a mendeko urterik lehorrena izan zen, uzta oso txarra izan zen, espekulatu zen,… eta Bilbon matxinada piztu zen”.

Altxamendua urte bereko “azaroan Arrasatera iritsi zen, eta bertako, Leintzeko eta Elgeako baseritarrak Bergarako feria garrantzitsura jaitsi ziren protestatzera”.

Matxinoen erasoak esaterako Arrasaten “Manuel Antonio Lenica, Pedro Mendiola, eskribauaren etxeak kaltetu zituzten”. Horren aurrean, inguruko zenbait herrik “400 gizon armatu zituzten”.

Arrasateko Parrokiako onuradunak edo errazioak “XV. mendearen hasieran 14 ziren, eta 1484-1485ean 16 ziren. 1485-1486ko erreformarekin 14ra jaitsi ziren”.

Denboraren poderioz, beheraka egin zuten: “1640an 9 onuradun edo errazio eta 1821ean 5”.
1572an uzta nahiko txarra izan zen eta “gariaren erdia soilik eta ia artatxikirik ez. Artatxikia (lehen ‘artoa’ deitzen zitzaiona, ‘mijo’ gazteleraz) hotzarekin oso txarto moldatzen zen, eta kendu egin zuten, Amerikatik ekarritako produktuarekin ordezkatu zuten, gerora artoa deitu zitzaionarekin”.

“Hasieran ‘mijo de las Indias’ deitzen zioten, baina gero izena ere kendu zion, ‘artoa’ izena jasoz. Bere inguruko lehen datua Arrasateko artxiboan 1576koa da. Eta 1615etik ohikoa bihurtu zen”. Produktu berri honek “udako zekaleak ordezkatu zituen (artatxikia, oloa, zekalea)”.

“Artoa inportatzen hasi baino lehen, bertan nagusi ziren garia, zekalea, oloa, garagarra, babak,… Baina 1615etik aurrera batez ere garia, artoa, babarrunak eta lihoa (gaztelerazko ‘lino’ agertzen da, oihalak egiteko) landatu ziren”.

Artoa udan eta garia neguan ereiten dira, eta “beraz osagarriak ziren nolabait. Artoak ere balio zuen adibidez ukiluetako ganaduak ugaltzeko, ‘belar berdea’ deitua. Horrela ongarri gehiago lortzen zuten gero garia ereiteko”.

Ondorioz, abeltzalatza eta nekazaritza “indartu egin ziren, Artoaren Iraultza deitutakoan”. “Tipula eta baratxurian inguruko hamarrenak ere kobratzen hasi ziren”.

XVII. mendean, urte txar batean gutxienez, “garia Sevillatik ekarri behar izan zuten, ziurrenik Sizilian edo Afrikako iparraldean erositakoa”.

Arrasate eta Euskal Herriarekin alderatuta, “Lekeitio oso antzekoa da: gariak artoak baino uzta hobeak zituen hasieran, gero parekatu egin ziren eta XVIII.ean artoa nagusitu zen”. Halaber, “sagar gero eta gutxiago landatu ziren” eta “sagarraren hamarrena azken aldiz 1813an hartu zen”.

Gaur egun sagardotegi gehienak “Pasaiako portu garrantzitsuaren inguruan dauden, itsasgizonek Ternuako bidaietara sagardoa eramaten zutelako. Nire kalkuluaren arabera, 3 litro eramaten zituzten pertsonako eta eguneko. Orduko sagardoa ez zen egungo bezain gogorra”.

Oro har, “desamortizazioaren, gerren,… ondorioz hamarrenak nabarmen jaitsi ziren”, eta ondorioetako bat izan zen “parrokiaren indar ekonomikoa estankatu zela”.

Pedro Bernardo Villareal de Berriz y Andicano (Arrasate, 1669 – Lekeitio, 1740) ingeniari, arkitekto eta enpresariak azpimarratu zuen “errotetako eta oletako makina hidraulikoen garrantzia”.

Arrasaten 1802an jarduera ekonomiko nagusia “nekazaritza zen, 1.700 biztanle zituen, artoa zen nagusi”, baina nekazaritzatik “ez zen biztanleak elikatzeko adina jasotzen, eta ondorioz urtean zehar Gasteizko azoketatik aleez hornitzen zen”.

Gure udalerria 1848an 2.114 biztanle zituen eta nekazaritzaz gain “hirina egiteko 12 errota, 2 burdin-ola, zurrategi 1 eta altzairu-fabrika 1 zituen, denak egoera onean”.

Nekazaritza indartzearen eta industrializazioaren ondorioz, 1860an Arrasatek “2.870 biztanle zituen, eta 1915ean ia 5.000”.

Atzoko hitzaldiak amaiera eman zion aurtengo Arrasateko Iragana Astintzen ekitaldi zikloari, Arrasate Zientzia Elkarteak antolatuta.

https://www.youtube.com/watch?v=_xP7UqFnWL8

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen