Hotza hotz, 200 lagunek 400 landare landatu dituzte “Natura imitatuz”

0
1012

Zuhaitz Eguna dugu gaurkoa, eta Udalak antolatuta, Etxezarretako landaketa azken ikerketei jarraiki egin da: “landare gehiago eta txikiagoak landatu ditugu, Naturan ohi den bezala”. Udalak iragarri du, azken 4 urteotan Etxezarretan jardun ostean, 2025eko landaketarako “beste lekuren bat bilatu beharko dugula”.

Gaur goizeko 08:00etan tenperatura -3’6 gradukoa izan da, Euskalmet agentziak erregistratu duenez.

Hala ere, 200 lagun inguru, familiak batez ere, San Isidroko plazan elkartu dira, Udalak antolatutako landaketarako.

Hotzari aurre eginez, 400 landaretxo jarri dituzte, eta denera 1.600 inguru eramanak ditu Udalak Etxezarretan landatzeko.

“Aurtengo landaketa berezia izan da neurri batean – azaldu du Udaleko Ingurumen Sailak -izan ere, azken ikerketen arabera, Natura imitatuaz, landare gehiago sartzekoak direla, baita txikiagoak ere, eta denborarekin, nahiz eta ahulenak hilko diren, indartsuenek biziraungo dute”.

Izan ere, aurreko urteetan “landara gutxiago eta handiagoak landatu ditugu, ondo zainduta, eta bakoitza bere babesarekin. Aurten landaketa egin dugu Naturan izan ohi den bezala”:

“Udazkenean milaka hazi erotzen dira lurrera, eta denborarekin horietatik guztietatik baten batzuek biziraungo dute”.

Gaurko hotz handia “ez da tenperaturarik onena landaketa egiteko, halako egunak saihestu behar dira, baina guk ekarritako landareek lurra daukate, eta beraz zuztarrak babestuta dauzkate”.

Denera 200 lagun inguruk parte hartu dute landaketan: “160 lagun inguruk izena eman zuten – azaldu du Ingurumen teknikari Pello Garaik – baina horiez gain, lagun gehiago animatu dira landaketara”.

Bertan jardun du, besteak beste, Garazi Etxeberria San Miguelek, hau da, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.

Etxezarretako lur hau “batez ere hariztiaren eremua da eta horregatik landatu ditugu batez ere haritzak eta hariztietan izan ohi diren beste espezie batzuk”:

“Gaztainondoa, elorrixa, zuhandorra eta otsalizarra (gaztelerazko serbal de los cazadores)”. Lanean ibili ostean, parte-hartzaileek ondo merezitako luntxaz gozatu dute.

Oro har, Udalak gehitu du “azken 4 urte hauetan Etxezarreta parkean jardun dugula, eta datozen urteetarako landaketa egiteko beste lekuren bat bilatu beharko dugula”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen