Ibai-Arte elkarte antolatzaileak baloratu du “iazko jaialdiaren maila handia izan ostean, aurten gure ustez are handiagoa izango dela”. Tabernetan, plazan eta auzoetan izango dira emanaldiak.
Irudiak: Arrasate Blues
Ibai-Arte elkarte antolatzaileak bere poztasuna azaldu du, adibidez “duela bi hilabete ingurutik zapatu gauerako hotel guztietako plazak beteta daudelako”.
Arrasateko hotelak beteta izango direnez, urrundik etorriko diren jaialdiko parte-hartzaileek “Oñati, Durango eta beste herri batzuetako hoteletan lo egingo dute”.
Horregatik Antolakuntza baikor da eta espero du jaialdian parte-hartzaile kopuru polita izatea. Ez da harritzekoa, izan ere, “iazko jaialdiaren maila handia izan ostean, aurten gure ustez are handiagoa izango baita; oro har maila asko igo da”.
“Printzipioz dena prest daukagu” baieztatu du Jon Apraiz Arrasate Blueseko zuzendariak, eta “gogotsu gaudela” gehitu du: “Ea jendea jaialdira animatzen den, ea kontzertu ugarietara animatzen den”.
Halaber, Arrasate Blueseko zuzendaria eskertuta azaldu da: “Eskerrik beroenak gure sponsor guztiei beraien laguntza ekonomikoagatik eta proiektu honetan jarritako konfiantzagatik”.
Hain zuzen, “eskerrik asko kulturaren alde egiteagatik, musika zuzenean bizirik mantentzeagatik eta amets hau errealitate bihurtzeagatik”.
Gaurtik, ostegunetik “elkar ikusiko dugu bluesaren indarra ospatzeko!”

Aurten ere, Herriko plazarekin batera, hainbat taberna musikaleku bilakatuko dira. Kartel burua Caron “Sugaray” Rayford, Texasko artista izango da. Zazpi urterekin hasi zen musikaren munduan, elizan abesten eta bateria jotzen. Haren musikan gospelaren eragina nabaria da. Rayforden letrak intimoak eta elkarrizketa modukoak dira, eta bere ahotsaren tonu sakon eta hunkigarriak bizitzako zailasunekin izandako esperientzia pertsonalak islatzen ditu.
Berarekin batera, beste hainbat artistaren presentzia izango dugu gurean: ‘Arnau The Honky Tonk Losers’ taldea eguenean, ‘Slow Ttime Blues Band’ edo ‘Jam’ barikuan, Itziar Yagüe eta Paul San Marti bikotea zapatuan eta azkenik domekan, ‘Los Galerna’ eta ‘Lost Acapulco’ besteak beste.
Kontzertuez gain, berrikuntzak ere izango dira aurtengo honetan. Batetik, Lazy Blues eta Swingvergüenza elkarteen eskutik blues dantzarako hastapen tailerra eskainiko dute, uztailaren 12an, 11:00etan. Klase honetan, Maike eta Txus adituak izango dira, eta dantzan ausartzen diren guztiei erritmoa eta animoa emateaz arduratuko dira.

Bestetik, Harmonikako masterklasa ere antolatu dute egun eta ordu berean, Greg Izor eta Emilio Arsuagaren eskutik. Kasu honetan, masterklasak 10 euroko prezioa izango du. Interesa dutenek uztailaren 10a baino lehen eman beharko dute izena 630 14 92 52 telefonoan.





