Hormigoizko beirateak Arrasaten [Ramon Ugalderen testua]

0
628

Hormigoizko Beirateak Arrasaten Gure herrian daukagun aberastasun artistikoa baloratzen ikasteko proposamena Leihoak hormigoizko beirateekin apaintzeko teknika Frantzian sortu zen. Zehazki esanda Auguste Labouret izan zen 1933an teknika hau patentatu zuena: Hormigoizko eta beirazko dallakin egindako beirateak. Dallak beirazko zatiak dira 2/ 3 zentimetroko sendotasunekoak. Beirateak egiteko teknika honen garapenean zerikusi handia izan zuten alde batetik hormigoi armatuarekin forma konplexuak lortzeko aukerak eta bestetik eta beiraren produkzio industrialean lortutako aurrerapenak.

Teknika berri honekin beirazko zatiak burdinazko barilla artean kokatzen dira eta gero porlanezko masa batekin hutsuneak betetzen dira, ondoren itxaron behar izaten da masa gogortu arte. Lan hau lantegiko zoruan edo azalera horizontal batean egiten da eta gero obrara eramaten da leihoa edo baoan kokatzeko. Artisau lan bat da, trebezia handia eskatzen duena baina ez da izan oso baloratua. Ia ez dago horren gaineko ikerketarik. Ez da asko beirate hauen egileaz dakiguna, nortzuk ziren marrazkiak egiten zituztenak.

Garai batean lantegi espezializatu batzuk zeuden holako lanak egiten zituztenak, Gasteizen, Bilbon, Irunen… Eta alde horretatik arte mota hau,(niretzat artea da, zalantza barik) nahiko herrikoia, anonimoa dela esan daiteke. Ez da lan erraza: burdinazko barillak ondo egituratu eta lotu behar dira, beirazko dallak zehatz moztu behar dira, forma egokiarekin, kolorea ere gustuz aukeratu behar da. dena ondo antolatuta egon behar da edertasuna lortzeko. Kasu gehienetan egileak ezezagunak izan arren utzi diguten ondarea balio handikoa da.

Beirate mota hau asko erabili zen hirurogei hamarkadan altxatu ziren eliza katolikoak apaintzeko. Garai hartako Eliza katolikoaren joerekin lotu daiteke arte hau; izan ere Eliza katolikoak fedea bizitzeko modu berri bat aurkitu nahi izan zuen eta neurri batean espiritualitate alaiagoa berreskuratu nahiko zuen. Eta egia esan oso giro berezia lortzen da elizetan, beirateek lotura berezi bat egiten dute kanpoko argia eta eliza barruko espazioarekin. Barruko argiztapena aldatu egiten da eguraldiaren arabera, eguzkiaren arabera, urte sasoiaren arabera … Garbi dago beirate hauek diseinatzeko espiritualitatea, edo sinesmena edo Jainkoaren zentzua izan behar dela. Nire ustez lortzen den efektua “espektakularra” baino gehiago da, badu espiritualetik zerbait. Eta beirate hauek ez dira politak soilik barrutik, kanpotik ere dotoreak dira.

Hormigoiaren eta beiraren elkartzearekin adierazkortasuna eta sendotasuna lortzen dira. Hala ere hormigoizko beirateak ez dira soilik erabili elizak apaintzeko eraikuntza zibiletan ere jarri dira, nahiz eta beirate ederrenak elizetakoak izan. Arrasaten joan zen mendeko 60. mendeko hamarkadan, zehazkiago Frankismoaren “desarrollismoaren” urteetan hormigoizko “beirategintzak” adibide interesgarriak utzi zituen. Multzo polita osatzen dute, kantitatez zein kalitatez ,eta ikerketa sakonago bat merezi dutelakoan nago

Arrasateko mojen kapera

Garai batean Damas de la Asunción komentuko eta ikastetxearen kapera izan zena. Gaur egungo San Viator Txiki Ikastetxeari erantsitako kapera da, eta beraz kanpo aldera hiru fatxada baino ez ditu, baina beirateak hiru fatxadatan daude. Zazpi kaperaren oinetan, Hiru Ebanjelioren horman eta bi eliz buruan. Beirate bertikalak dira angelu zuzenak.

Kapera barruan Gurutze Bide bateko hamalau urratsak ere beirate txikiekin irudikatzen dira. Arrasaten daukagun multzo onena da askogatik. Ebanjelioko hiru beirateak dira azpimarragarrienak bere monumentaltasunagatik, bere indarragatik: Aita, Semea eta Espiritu Santua (Usoa), irudikatzen dira. Aitaren oinetan maskorra dago bataioaren sakramentuaren sinboloa.

Kasu honetan lantegia eta egilea nortzuk ziren badakigu: Vitroluz, Pio XII Irun. Fernandez Centeno. Proyecto Jose M ª Martíne

Santa Teresa Eliza

Eliza hau ere 60.hamarkadakoa da eta beirateak eraikinaren lau fatxadatan daude. Beirate asko daude, hona Santa Teresarena ekarri dugu. Ebanjeliotik hartutako sinbologia ere erabiltzen dute: maskorra, ogia eta arrainen miraria …

Musakolako ileapaindegia

Garai bateko aurrezki kutxa bateko bulegoa gaur egun ile-apaindegi bihurtuta. Bi beirate horizontalak kolore nahiko argiekin. Berritze lanak egin zirenean dekoratzaileak beirateak kendu nahi izan zituen, zorionez jabeak ez zion kasurik egin.

Bizkaia Etorbideko Muxibar Torrea

Beirate multzo bertikal bat da, eraikinaren barruko patioa argiztatzeko. Dirudienez dorrea eraiki zuen kontratistaren kapritxo bat izan zen. Hamar beirate guztira.

Amaia Antzokia

Gallastegi pilotari eibartarraren zinema aretoa izan zen hasieran. Geroago Arrasateko Udalak lokala erosi eta berritze lanak egin ondoren horrela utzi zituen beirateak

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen