Gaur goizean fabrika zaharreko hondakinak jasotzen hasi dira. Iaz Plenoaren gehiengoak onartu zuen Harri Iparra enpresak bertan 148 etxebizitza eraikitzea. Proiektu horrek aurreikusten du Cordoba y Oro plaza 2.000 metro koadrora murriztea.
Polmetasak bere Arrasateko lantegia Uribarrira lekualdatzea erabaki zuen, eta ondorioz 2014an San Andresko lantegi zaharra eraitsi zen.
Ordutik, fabrikaren hainbat hondakin bertan izan dira, eta geratzen zirenak gaur goizean jasotzen hasi dira garabia eta kamioiekin. Obretatik adierazi digute lan hauek “bi egun inguru” iraungo dutela.
Lan horietan Afesa enpresak dihardu, eta lurzoruaren jabea Neinor Homes – Harria Iparra da. Bere webgunean iragarri du promozio hau “laster” hasiko duela, bertan 118 etxebizitza eraikiz.
Iazko uztailean Osoko Bilkuraren gehiengoak (EAJ-PNV eta PSE) onartu zuen bertan 148 etxebizitza gehiago egin ahal izatea.
Auzotarrek eta Elkarrekin Arrasatek salatu zuen proiektu horrek Cordoba y Oroko parkea 3.600 metro koadrotik 2.000 metro koadrora murriztuko duela. Halaber, EH Bilduk gogora ekarri zuen Arrasaten etxebizitza ugari hutsik daudela.
Plenoaren gehiengoak onartu zuen, Polmetasa ohiaren lurzoruan, San Andres Berri deiturikoan, eraiki daitezkeen 148 etxebizitzetatik 120 merkatu inmobiliarioko prezioan saltzea. Beraz, 28k izango lukete izaera soziala.
Erlazionatutako albistea:
San Andresen 240 etxe gehiago egitea onartu du Plenoak, %25 alokairu sozialerako
2020ko uztailaren 28an argitaratutako albistea
Eta han ziren arratoiak? Untzien tamainakoak dira.