Hondakin inpropioak eta galera ekonomikoa gutxitzeko, kanpaina abiatuko da

0
283

150.000 euroko galerak suposatu ditu ontzi arinak etxeetan gaizki bereizteak azken 2 urteetan. Halako hondakin inpropioak gutxitzeko, Mankomunitateak kanpaina bat abiatuko du: ‘Ondo bereiztua, asko aurreztua!’. Nerea Ibañez (Arazi) eta Maite Anton (Mankomunitateko lehendakariak) aurkeztu dute.

Testua: Mankomunitatea / Argazkia: Goiena.

Debagoieneko Mankomunitateko Ingurumen Zerbitzuak hondakinak biltzeko zerbitzu ugari eskaintzen dizkie eskualdeko herritar, komertzio, ostalaritza zein enpresei.

Herritarren, komertzioen, ostalaritzaren eta industria-guneetako etxeko hondakin eta parekogarrien gaikako bilketa edukiontzien eta atez-ateko bilketaren bidez burutzen da Debagoienean. Zero Zabor filosofiaren norabidean, hiri hondakinen gutxitze, berrerabilpen eta birziklapenera bideratuta dauden ekimenak bultzatzen dira, besteak beste, herritarrei zuzendutako komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak.

Oraingoan, Debagoieneko Mankomunitateak ontzi arinekin nahasita botatzen diren hondakin inpropioen kopurua gutxitzeko kanpaina abiatu du eskualdeko herri guztietan. Hondakin inpropioak ez dagokion edukiontzian edo frakzioan agertzen diren hondakinak dira. Esaterako, edukiontzi edo frakzio horian botatako organikoa edo pixoialak hondakin inpropioak lirateke.

Ontzi arinen bilketan aurkitu ohi den hondakin inpropio kopuru altuak birziklapen prozesua eten eta zailtzeaz gain, ingurumen kaltea eragiten du eta diru-galera handia suposatzen dio Mankomunitateari. Horregatik, Mankomunitateko udalerri guztietan ekimen ezberdinak antolatuko dira otsailaren 6an hasi eta martxoaren 27ra arte.

Kanpainaren helburu nagusia herritarrak arazoaz ohartzea eta ohitura egokiak gizarteratzea da. Bide horretan aurrerapausoak emateko, adin guztiei egokitutako ekintzak antolatuko dira lelo honekin bat eginez: “Ondo bereiztua, asko aurreztua”.

Larunbatero udalerri batean izango gara (Arrasate, Bergara eta Oñatin egun osoz eta gainontzeko udalerrietan goizez), eta aipatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritar guztiak: Antzuolan otsailaren 6an, Arrasaten 13an, Aretxabaletan 20an eta Bergaran 27an. Martxoan berriz, Elgetan 6an, Oñatin 13an, Eskoriatzan 20an eta Leintz Gatzagan martxoaren 27an izango gara.

Otsailaren 6an, larunbatean, kanpainari hasiera emango zaio Antzuolan honako ekintzak antolatuz:

• Herritarrei zuzendutako informazio puntua jarriko da herriko plazan. Bertaratzen direnek azalpenak jasoko dituzte eskuorri baten bitartez, eta kanpainan zehar antolatuko den zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Plastikozko poltsa eta zorroen erabilera murrizte aldera, kotoi organikoz egindako oihalezko poltsak eta soltean erosteko zakuak zozketatuko dira.

• Haur zein gaztetxoei zuzendutako ekintza ezberdinak antolatuko dira, jolasten ari diren bitartean ontzi arinen eta birziklapenaren inguruan ikasteko. Horrela, ginkana batean arituko gara eta mural bat osatuko dugu baita hondakinen karakterizazioa bideratu ere. Ekintzetan segurtasun neurri guztiak bermatuko dira (materiala ez partekatzea, pertsonen arteko distantzia, etab.) eta aforoaren jarraipena egin ahal izateko izena ematea gomendatzen da.

• Aurrez aurreko ekintzez gain, online parte hartzea proposatzen da. Horrela, herritarrek ontzi arinen birziklapena hobetzeko ideiak mankomunitatera bidaltzeko aukera izango dute bertako webgunean sartuz. Ideiak bidaltzen dituzten herritarrek oihalezko poltsa eta zakuen zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

Aurrez azaldu dugun moduan, ontzi arinen bilketan aurkitu ohi den hondakin inpropio kopuru altuak birziklapen prozesua eten eta zailtzeaz gain, ingurumen kaltea eragin eta diru-galera handia suposatzen du. Ontzi arinak gaizki bereizteak azken 2 urteotan 150.000 € inguruko galera sortu dio Mankomunitateari.
Beraz, sailka ditzagun ongi gure hondakinak. Ondo bereiztua, asko aurreztua!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen