Hondakin bilketak eta desinfekzioak Covid-19aren aurka lehen lerroan dihardute

0
799

Desinfekzio-lanak areagotu egin dira, adibidez edukiontzien tapa eta pedaletan. Mankomunitate, UTE Debagoiena eta Udaleko hainbat langile dabiltza 3 zerbitzuetan.

Koronabirusari aurre eginez, Debagoieneko Mankomunitateak hainbat neurri hartuak ditu, zabor bilketan esaterako.

Horrela, positibo emandako pertsonek eta (hauekin kontaktuan izateagatik) berrogeialdian dauden pertsonek errefusara bota behar dituzte hondakin guztiak, etxean bereizketarik egin gabe.

Mankomunitateak hartutako beste neurri bat da, herritarrek erabiltzen dituzten organikoaren eta errefusaren edukiontziek, zabalik egon behar dutela. Horri esker, erabiltzaileek ez dute txartela erabili behar izango.

Garbiguneei dagokienean, Arrasate, Bergara eta Oñatikoak soilik gremioen hondakinak onartu behar dituzte. Garbigune Ibiltariaren zerbitzua bertan behera gelditu da.

Era berean, traste zaharrak jasotzeko zerbitzua eten egin da, baita ehunkiak eta objektu berrerabilgarriak jasotzekoa ere. Zerbitzu hauetan aldaketarik izan ezkero, link honetan azalduko da.

Azpimarratzekoa da Mankomunitatea, hondakinak biltzeaz gain, desinfekzio lanetan ere badiharduela, “Udalek propioki egiten ari diren desinfekzio lanez aparte”, ondoko ekipoekin:

UTE Debagoiena kontratako 4-5 pertsona dabiltza desinfekzio lanak egiten: “Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, eta Eskoriatzako edukiontzien desinfekzioa, batez ere, herritarrek eskuragai izan dezaketeen elementuena (tapak eta pedalak)”.

Edukiontzien inguruak ere desinfektatzen dira, “herri guztietako edukiontzi lateralen puntuak, eta ekarpen eta larrialdi guneak dauden herrietan, instalazio hauek”.

Hainbat herritan “landalurrean kokatzen diren miniguneetako edukiontziak” ere desinfektatzen dituzte.

Lan berezi hauetaz aparte, Arrasateko eta Debagoieneko “herri guztietako edukiontzien garbiketa zerbitzua ere martxan dago, non desinfekzio produktuen kontzentrazioa garbiketa uretan ere indartu den”.

Ildo horretan, “desinfekzio lanetan erabiltzen diren produktuak, lan hauetarako aproposak dira, eta agindutako propotzioetan erabiltzen dira”.

UTEaren desinfekzio lanez gain, Mankomunitateko baliabide propioek ere zeregin horretan dihardute han-hemenka:

“Bi langilerekin Arrasateko edukiontziak desinfektatzen ari da, herritarrek eskuragai izan ditzaketen elementuetan zentratuz (tapak eta pedalak desinfektatuz bereziki)”.

Mankomunitateak adierazi digu “orain arteko zailtasunik handiena, norbera babesteko ekipoen (EPIak) falta izan dela. Momentu honetan, segurtasunez aritzeko ekipoak baditugu, eta espero dugu berriz ere ez izatea arazorik berriak lortzeko, momentu honetan ditugunak amaitzean”.

Langile batzuek azaldu digutenez koronabirusaren aurkako borrokan “gu lehen lerroan gabiltza, lan egitean arriskua daukagu”.

Era berean, Mankomunitateak ondorengo balorazioa egin du: “esan daiteke herritarrak errespetatzen ari direla hondakinen inguruan emandako agindu eta arauak, eta honek guri asko errazten dizkigu lanak; bai bilketakoak, eta gainontzekoak, besteak beste, garbiketa eta desinfekzioenak”.

Goian aipatu dugun bezala, ohar garrantzitsuak, Debagoieneko Mankomunitateko webgunean publikatuko dira, eta “edozein zalantza izan ezkero komenigarria litzateke hau kontsultatzea”.

Hala ere, “zalantzak, ezbeharrak edota argibide gehiago behar izan ezkero, 943 50 47 21 (hondakinak@debagoiena.eus) eta 943 79 35 98 (ingurumena@debagoiena.eus) telefonoak ere martxan daude astelehenetik ostiralera”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen