Hitzaldi zikloa: ARRASATEKO IRAGANA ASTINTZEN

0
585

Arrasate Zientzia Elkarteak IX. Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloa antolatu du. Miguel de Aranburu Fundazioak parte hartze garrantzitsua izango du.

“Pandemia ostean, ausartu gara 9. edizioa aurrera eramatera” adierazi du Xabier Bengoak. “Iaz genion 9.a egitea zaila izango zela baina lortu dugu”.

Aurrerapauso honen arrazoia da “gipuzkoar historialarien fundazio bat aurkitu dugula, Miguel de Aranburu Fundazioa. Bere helburua da Gipuzkoako historia azaltzea”.

Izan ere, “Araba eta Bizkaiko historia aztertzeko joera handiagoa da. Fundazioari proposatu genien hitzaldian parte hartzea, eta eurek baietz erantzun zuten”.

Ondorioz, zikloko hiru hizlari fundazio horretakoak dira. Ondorengoak izango dira lau hitzaldiak:

‘Los relojes que sincronizaron nuestras vidas. El reloj de la Cerrajera’: Xabier Alvarez Yeregui izango da hizlaria. Azaroaren 4an, Kulturateko areto nagusian, arratsaldeko 19:00etan, gazteleraz.

Xabier erlojuen maisu eta mekanikoen 5. belaunaldiko partaide da. Jatorria Betelun dute, eta aditu hau Zarautzen bizi da eta erloju zaharrak konpontzen ditu.

“Zerrajerako erlojua begiratu zuen gurekin duela hilabete batzuk. Arrasateko On Calisto Yeregui medikuaren familiakoa da”.

‘Arrasateko Altzairua’: Beñat Ugalde izango da hizlaria. Gai honen inguruko lan mardula egina du, Unibertsitateko ikasle gisa. Azaroaren 11n izango da Kulturateko areto nagusian, arratsaldeko 19:00etan, euskaraz.

“Aditu hau Oñatiko talde berri baten partaide da: Gure Bazterrak. Oñatiko baserritarren inguruko ikerketa bat egiten hasi da talde berria”.

‘Erromatar Garaia Arrasaten’: Jokin Lanz izango da hizlaria. Aintzinako Historian doktore, Arkeolaneko partaide eta UPNAko irakasle da.

Hitzaldia azaroaren 18an izango da, Kulturateko areto nagusian, arratsaldeko 19:00etan, gazteleraz.

“Arrasate eta Deba Arroa izango ditu hizpide, eta seguruenik datu berriak azalduko ditu”. AZEk egindako aurkikuntzen “berri ez zuen, eta berarentzat ezustekoa izan da. Aurkikuntzok aipatuko ditu”.

‘La pequeña Edad de Hielo y la evolución de la agricultura a través del libro de Tazmías, de la parroquia de Arrasate (1550-1830)’: Alvaro Aragon Ruano izango da hizlaria, “curriculum vitae luzekoa”.

Azaroaren 25ean izango da, Kulturateko areto nagusian, arratsaldeko 19:00etan, euskaraz. “Hotzaldi global bat gertatu zen. Libro de Tazmías deitzen zaio zerrenda bati: herritarrek Elizari eman behar zizkieten ale kopurua, hama bezala”.

Hotzaldiak “uztan eragina izan zuen, eta ordainketak gutxitu ziren nabarmen. Horrek ere Arrasateren garapen ekonomikoan eragin zuen, artoaren iritsiera Indietatik,… Orduko datu asko eskaintzen ditu, Arrasateren ikuspegi bat”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen