“Hiru Haundiak osatzea lortu dugu, oso gogorra izan den arren”

0
2560

101 kilometroko lasterketa gogorra amaitzea lortu dute Arrasateko zenbait neska-mutilek, tartean Aitor Alegre eta Nerea Otxoak.

Aitorren argazkiak: ‘Waston’en koadrila.

Lasterketa 101 kilometro luze izan da, 10.125 metroko desnibelarekin, eta hiru handi igoz: Gorbeia, Anboto eta Aitzkorri.

Proba atzo gauerdian (ostiral eta larunbat arteko gauerdian) hasi zen Arabako Murgia herrian, eta lasterkariek gau eta egunez egin dute aurrera.

Lasterketa amaitzea lorpen handia da, eta hori lortu dutenen artean gutxienez bi arrasatear izan dira: Nerea Otxoa Guridi eta Aitor Alegre Lage ‘Waston’.

Nerea oso pozik zegoen helmugaratzean, baina lasterketa ez dela erraza izan baieztatu digu, besteak beste “bide erdian frontal barik geratu naizelako”.

“Horrek asko haserretu nau baina aurrera egitea lortu dut. Aitzkorrin triprekin arazoak izan ditut, baina gainditzea lortu dut”.

Nereak proba luze honetan lehen aldiz 2018an parte hartu zuen. “2020koan parte hartu nahi nuen, baina Covidaren ondorioz atzeratu behar izan zuten”.

Holako lasterketa bat prestatzeko “norberaren elikadura nabarmen zaindu behar da, eta entrenamendu luzeak egin behar dira, baina ez Hiru Haundiak adina luzeak, bestela gorputzak ez luke onartuko”.

Nereak ere azpimarratu du prestaketa mentalaren garrantzia: “Buruak ezetz agintzen badu, ezin aurrera egin”.

Nereak balentria handia “eskaini nahi diet egunerokotasunean lagundu nauten guztiei, eurek badakite nor diren”.

Nereak emakumeei dei egiten die horrelako herri-probetan parte hartzera, “abendura bat bezalakoa izan daitekeela” azalduz.

Aitorrek ere helmugaratzea lordu du: “lasterketa aurreikusten nuena baino hobeto egin dut baina aurreikusten nuena baino gehiago sufrituta azken zatian”.

Eguraldiari dagokionez, Murgiako irteeran “aurreikusi zitekeen gauean hotz egingo zuela, baina mendian nahiko epel aritu gara”. Hala ere, Aitorrek azaldu digu “Otxandion izugarrizko hotza egiten duela, eta lasterketariok ez genituen eskuak sentitzen”.

Hala ere, “eguraldia orokorrean ez nuke aldatuko, ezin gara kexatu”. Lasterketako unerik politena “Gorbeiako gailurrean bizi izan dut: atzera begiratu dut eta frontelez osatutako ilara erraldoi bat ikusi dut, ikuspegi zoragarria”.

Aitorrek aholkatzen du Hiru Haundiak egitea “baina betiere horrek zer suposa dezakeen jakinda. Bestela parte-hartzaileak izugarri sufrituko du”.

‘Waston’ek lorpen handi hau “nire neskalagunari eskaintzen diot nire entrenamenduak agoantatzen dituelako. Baita koadrilakoei ere, lagundu egin didatelako, eurak gabe proba askoz agonikoa litzateke”.

Antolakuntzatik adierazi digutenez, ez dira izan parte hartu duten arrasatear bakarrak. Euren hainbat senide edota lagun Araiako helmugara joan dira.

Oro har, azpimarratzekoa da ere Maite Maiorak probako errekorra ondu duela, 12 ordu eta 9 minutuko markarekin. Gizonetan, Julen Fernandez de Estibariz nagusitu da, 11 ordu eta 13 minutuko markarekin. Zorionak guztiei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen