Matilde Sainz, Amaia Aranzabal eta Arantza Baskaran ‘Hiru emakume margolari’ erakusketaren protagonistak dira.
Vital Fundazioa Erakusketa Zentroak ‘Hiru emakume margolari’ erakusketa ikusgai du otsailaren 3tik. Erakusketa kolektibo honetan Amaia Aranzabal, Arantza Baskaran eta Matilde Sainz Osinaga arrasatearrak parte hartzen dute. Erakusketa 40 artelan figuratibo, erdi abstraktu eta abstraktuk osatzen dute, formatu handi, ertain eta txikietan.
Amaia Aranzabal laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hasi zen margotzwn, eta Arrasate Margo Taldearen sorreran lagundu zuen. Lehenengo hogei urteetan oleoari ekin zion, batez erem paisaiak margotuz, baina azken hamarkadan akuarelari bakarrik ekin dio. Vital Fundazioak akuarela sail batzuk aurkezten ditu, non kolorea (abandonatutako itsasontziak), irudia (alpinistak eta eskiatzaileak) eta udaberriko eta neguko paisaia lantzen dituen.
Matilde Sainz Osinagak hogei urte daramatza margotzen. Hainbat arte-elkartetako kidea da, eta akuarelista da, batez ere. Natura, basoa, ura, dira bere sorkuntzen protagonistak. Bere azken bakarkako erakusketa Arantzazuko Oteizaren Apostoluak ardatz zituen ikerketa bat izan zen.
Arantza Baskaranek beti izan du pinturarekiko interesa adierazpen artistiko gisa, eta mundu honetan modu autodidaktan sartu zen. Errealismoa izan zen bere adierazpide gaztetan, baina abstrakzioan aurkitu du bere sentimenduak hobeto islatzeko modua. Bere bizipenak, itxaropenak eta ideiak azalera ezberdinetara eramaten dira zuzenean: mihisea, ohola, arbelak, pintzela erabiliz, baina batez ere espatula askatasun handiarekin.
‘Hiru emakume margolari’ erakusketa martxoaren 19ra arte egongo da ikusgai (otsailaren 9, 10 eta 11n izan ezik), asteartetik igandera, Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroan. Asteartetik larunbaterako ordutegia 10:30etik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30era da, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara. Sarrera librea da.