Hirekin zentroko obrak azken fasean, aholku-mahaiak 1. bilera egin du

0
904

Mondragon Unibertsitateak antolatuta, Garaiako bileran parte hartu dute hainbat instituzio, babesle, sustatzaile eta Goi Eskola Politeknikoak. Uribarri auzoko Hirekin zentroak helburu du “ekitzailetza industrial, teknologiko eta digitalarekin, industrian jasangarritasuna bultzatzea”.

Bilerako argazkiak eta beheko testua: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitatearen Hirekin berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko zentroa, industria-sektorearen jasangarritasuna eta digitalizazioa areagotzeko xedea duena, eraikuntzako azken fasean dago. Zentroa martxan jarri aurretik, erakunde publikoak, babesleak, sustatzaileak eta Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko ordezkariak biltzen dituen aholku-mahaia sortu da. Mahaiaren helburua da eskualdeko ekintzailetza-estrategia elikatzea, eta enpresa bultzatzaileek, administrazio publikoek eta ekintzailetza sustatzeko eragileek elkarrekin dituzten erronketan laguntzea. Gaur egin da mahaiaren lehen bilera, eta honako hauek bertaratu dira: Jokin Diaz, Eusko Jaurlaritzaren izenean; Leyre Madariaga, SPRI ordezkatuz; Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldunditik; Aritz Otxandiano, Fagorrekoa; Luis Anduaga, Kreanen ordezkaritzan; Ruben Gabilondo, ORBEAtik, eta Carlos García, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoko koordinatzailea den aldetik.Erakunde laguntzaileak diren aldetik, besteak beste, Saiolan, Galbaian, MONDRAGON Sustapen Zentroa, Garaia PT, IHOBE, Isea eta Debagoieneko Mankomunitatea ere ordezkatuta egon dira bileran.

Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa buru duen Hirekin berrikuntza- eta ekintzailetza-zentroak oinarri hauek izango ditu: ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa eta jasangarritasuna (ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari dagokienez).
Eskola Politeknikoaren zentro berria Arrasateko Uribarri auzoan egongo da, eta lankidetzarako gune bat sortuko da enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleentzat —Goi Eskola Politeknikokoak, beste fakultate batzuetakoak edo hirugarrenetakoak—, industria jasangarri baten eta ekonomia lehiakorrago baten alde lan egin dezaten.

Proiektu irekia denez, enpresek eta erakundeek hari atxikitzeko aukera dute, rol hauetan:aholku-mahaiko parte-hartzaile gisa, estrategian laguntzeko; babesle moduan, ikasleentzako eta ekintzailetza-proiektuetarako bekak emanez, eta sustatzaile gisa, proiektuak erakartzeko eta gobernantzan beren ikuspegia emateko gaitasunarekin, kooperatiben balioetan oinarrituta betiere.Gaur egun, hamar erakunde baino gehiago daude inplikatuta ekimenean, eta espero da etorkizunean erakunde eta entitate gehiagok bat egitea.

Ekintzailetza industrial jasangarria

Ekintzailetza erronka bat da berez, eta ekintzailetza industrialaz dihardugunean, are handiagoak dira erronkaren tamaina, pisua eta arriskuak, baita horrelakojardueren emaitza diren produktuak, zerbitzuak eta prozesuak ere, bereziki hardware oinarria dutenak.Horrelako jarduerak egiteko guneek ezaugarri industrial oso zehatzak izan behar dituzte, eta Hirekin zentroak posible egingo du hori.Zentroaren instalazioek, 6.000 metrokarraturekin, industria-espazio handi bat izango dute, prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko ekipamenduz hornituta. Halaber, lantegi eta zenbatze-gelak izango dituzte, baita baterako sorkuntzarako guneak eta bilera-gelak ere, besteak beste.Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoak bertako ikasleen ekintzailetzarako talentua eskainiko du ekarpen gisa, bai eta ikerketa-taldeen talentua eta baliabide teknologikoak ere, beste egoitza batzuetako lantegien eta laborategien bidez; horrela, areagotu egingo dira Hirekin zentroaren zerbitzura jartzen diren baliabideak eta eraldaketa industriala.

Ingurumen-jasangarritasuna ardatz hartuta, egungo industriaren isurtzeak gutxitzeko irtenbide berriak bilatuko ditu zentroak, baita ingurumen-helburuekin bat datozen jarduera ekonomiko berriak sustatu ere.Gizarteari irekita, kooperatiben printzipioetan oinarrituta, eskualdeko eta kanpoko enpresen eta eragileen eskutik, eta trantsizio industrial jasangarri eta bidezko baten mesedetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen