Flandriako egunkari multimediak Arrasaten hitzaldia eman du, eta azaldu ditu bere irakurleak harpide egiteko egiteko estrategiak. Ekitaldia Tokikomen antolatu du.
Hitzaldi hau gaur goizean izan da Arrasaten Garaia Parke Teknologikoan, Tokikomek EiTBren laguntzaz antolatuta.
Bertan hainbat kazetarik jardun dute eta zenbait ordezkari instituzional izan dira. Hizlari-lanetan egitasmoko ordezkari Arno Schepers aritu da.
Bera belgikar estatuko Flandria nazioko ‘Het Belang van Limburg’ egunkari hiperlokaleko langileetako bat da.
Hedabide multimendia bat da, telebista barne, eta probintzia mailakoa da. Linburg probintziak 800.000 biztanle inguru ditu. Denera 64.000 egunkari inprimatzen ditu eguneko, astelehenetik zapatura. 2002an 114.000 inguru inprimatzen zituen.
Hedabide multimedia honek azken urteetan batez ere bere “webgunean eta harpidetzetan jarri du indar gehien”. Online eduki batzuk doan ematen ditu eta beste batzuk saltzen ditu:
“Gure buruari galdetu genion ea zenbat informazio saldu behar genuen eta zenbat doan eman”.
Testuinguru horretan, “edukien pertsonalizazioa ere eskaintzen dugu, newsletterren bitartez”, hots, erabiltzaileari interesatzen zaion gaiari buruzko informazioa erabiltzaileari emailez bidalita.
Hainbat albiste “hiperlokalak dira, eta horiei garrantzi handiagoa eman diegu, ondorioz ikustaldi kopurua %55 igo da”.
Aplikazio bat ere eskaintzen dute eta horren bidezko “bisitaldi kopurua ere nabarmen hazi da. Erabiltzaileak aplikazioa pertsonaliza dezake, bere interesen arabera etiketatuz”.
Arno Schepers ordezkariaren hitzetan, “pertsona denak kazetariak dira, eta denek izan behar dute albisteak sortzeko eskubidea”. Egunkariak 6 edizio ezberdin ditu.
Freelancen blogak ere baditugu, egunerokotasuneko gaiez dihardutenak, adibidez covida, kirolak,… Baina nola lor daiteke irakurle ez den pertsona bat, harpide ez-anonimo bihurtzea?
“Pausoz pauso egin behar da: ez-irakurlea berarentzat interesgarria den edukiak argitaratuz erakar daiteke. Ondoren, hedabidea kontsumitzen ari denean, aukera emango zaio albiste interesgarri baten lehen hiruzpalau lerroak irakurtzeko. Albiste osoa irakurri nahi badu, diru baten truke egin beharko du”.
Harpideak lortzeko beste bide bat da pertsona horrek “bere intereseko albiste bat osorik irakurri ahal izatea, baina hilabetean albiste bat soilik. Berau irakurtzeko, pertsonak bere emaila adierazi behar digu”.
Pertsona horrek albiste gehiago irakur ditzan “eskaintza gehiago egiten dizkiogu, diru gehiagoren truke. Irakurleak albiste gehiago irakurtzeko, datu pertsonal gehiago eskatzen dizkiogu”.
Hortaz gain, “gure egunkaria nola kontsumitzen duen aztertzen dute gure zerbitzuek” Hau guztiau zertarako? “Jende gehiago gure egunkarira erregistratzeko eta guk gehiago saltzeko”.
Het Belang van Limburg egunkariak aurreikusten du “5 urteren buruan %20ko igoera izatea”, eta horretarako beharrezkoa da “eduki bereziak, jatorrizkoak eskaintzea”.
Ordea, beste hedabideek ere, Reutersek adibidez, “eskaintzen dituzten edukiak guk doan ematen ditugu, tokiko politikako albisteak esaterako”.
Flandriako egunkariak zenbait harpidetza ditu: “Super harpidetza 33’50 eurotan, Smart harpidetza 21’50 eurotan, Digital harpidetza 18 eurotan eta Maila baxuko harpidetza 10 eurotan. Nik uste Digital harpidetza dela etorkizun hobea izango duena”.
Harpidedun gehiago lortzeko “online denda bat daukagu, eta bertan bost harpidetzak eskaintzen ditugu. Baita botila bat ardo opari ere”.
Hala ere, “harpidetza egiteko arrazoia ezin du zozkatutako produktu bat izan, harpidetza horrek ez baitu luzaroan iraungo”.
“Ahalegin berezia egiten ari gara gaztetxoak eta adineko pertsonak ere erakartzeko. Egun 667.000 pertsonak dute era bateko nahiz besteko harremana gure egunkariarekin. Familia bakoitzak harpidetza bat partekatu ohi du”.
‘Het Belang van Limburg’ egunkariaren estrategia bat da “gure kazetari bat herritarren zerbitzura jartzea; kazetariak herritarraren arazoa konpontzeko lan egiten du, adibidez”:
“Herritar batek bere telefonia konpainiarekin arazo bat badu, kazetariak konpainiara deitzen badu, konpainiak kazetariari kasu gehiago egingo dio herritarrari baino”. “Halako 25.000 kasu baino gehiago konpondu ditugu”.
Bestalde, “albiste pozgarrien sekzio bat eskaintzen dugu”, baita opariak ere: “tarta bat, pizza bat edota beherapen bat”.
Pandemiaren testuinguruan, “doako zerbitzuak harrera oso ona izan du. Aurreikusten dugu digitala hazten jarraitzea eta paperezkoa desagertzea. Izan ere, 80 orrialdetik 56ra jaitsi gara, eta gainera produktua garestitu da”.
Kostuak murrizteko, “jarduera gehiago gure kabuz egitea aurreikusten dugu, kanpoko enpresa gutxiago kontratatuz”.