Garbiketa Zerbitzuak azaldu duen bezala, “guk garbituko ez bagenu, Ospitalea geratuko litzateke”. Zerbitzu honetako nagusi Petri Romerorekin elkarrizketa egin dugu:
– Zer moduz moldatzen zarete aste hauetan lanean?
– Ez da erraza, koronabirusaren krisiaren hasieran zaila izan zen, baina ohituta gaude adibidez tuberkulosi kasuen inguruan lan egitera. Lankide batek ezin izan du lanarekin jarraitu, eta eszedentzia eskatu behar izan du. Hala ere, nahiko ondo moldatzen gara.
– Zenbat garbitzailek lan egiten duzue ospitalean?
– 22 ari gara guztira, hiru txandatan banaturik: goizean, arratsaldean eta gauean. Goizaldeko 6:00etatik hasita.
– Zein babes neurri dituzue koronabirusetik babesteko?
– Medikuek eta erizainek dauzkaten neurri berdinak: bata, maskara, betaurrekoak, eskularru bikoitza,… Izan ere, garbitzaileok eta beste profesionalek gaixotzeko arrisku maila berdina daukagu.
Ospitaleko solairurik arriskutsuena hirugarrena da, bertan daudelako Covid19-ko pazienteak. Hala ere, garbitzaile taldea oso ona da.
Koronabirusaren beldur gara baina gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara, gure esku dagoen %120 ematen dugu. Uste dugu herritarrek balkoitik txalo egitean, txalo horietako batzuk gutxienez guretzat direla.
– Hala ere, oraindik garbitzaileak nahiko inbisibilizaturik zaudete ezta?
– Bai, baina gero eta pertsona gehiagok ulertzen dute guk garbituko ez bagenu, Ospitalea geratu beharko litzatekeela. Debagoieneko ESIko zuzendariak gure lana baloratu eta eskertu du. Hala ere, oraindik azken mailakotzat hartzen gaitu jende askok.