Herritarren proposamenak aztergai Alde Zaharreko Hirigintza Plana aldatzeko

0
811

Herritarren proposamenak aztergai Alde Zaharreko Hirigintza Plana aldatzeko


Herritar, teknikari eta eragileen artean proposamenak jaso ondoren, herritarrez osatutako Hirigintza Aholku Kontseilua ari da alde zaharra arautzen duen hirigintza planean txertatu nahi diren 24 proposamenak aztertzen.


Aurreikuspena da 2022 urteko bigarren seihilekoan Alde Zaharreko Hirigintza Plan berria izatea Arrasatek.


Arrasateko Udalak abian jarri du Alde Zaharra arautzen duen Hirigintza Planaren aldaketa, azkenekoz duela 20 urte aldatu baitzen. Prozesua irekia izaten ari da eta proposamenak jaso dira herritar zein eragile ugariren artetik. Proposamen horiek aintzat hartuz 24 aldaketa txertatzeko oinarriak adostu dira eta orain, herritarrez osaturiko Hirigintza Aholku Kontseilua ari da iradokizun horiek sakonki aztertzen. 2022 urteko bigarren seihilekorako Alde Zaharra arautuko duen Hirigintza Plan berria aurkeztea aurreikusten da.

Hirigintza planerako 24 proposamen

Hirigintza plana egokitzeko 24 proposamen egin dira guztira. Proposamenek hurrengo gaiak jorratzen dituzte:

  • Esparruaren antolaketa: proposatzen da alde zaharra bitan banatzea ondare babestua den almendra alde batetik eta beste zatia, bestetik.
  • Sotoak eraikitzeko aukera izatea: arkeologia esparruko araudia betetzeko baldintzapean eta soto batzuetan garaje erabilera baimentzea.
  • Toldoak: egun, ezin dira toldoak ezarri, soilik azken solairuko terrazan, hortaz, toldoak jartzeko baldintzak zehaztu eta toldoak jartzeko aukera baimentzea.
  • Miradore edo begiratokiak: egun araudiak ez du lagatzen miradore berririk egiterik, eta daudenetatik batzuk babesten ditu, ez denak. Proposamen berriak irizpideak jasotzen ditu begiratoki dagokienez, izan zaharrak edo berriak.
  • Materialak: proposatzen da, esaterako, arotzerien materialen artean egur imitazioa onartzea.
  • Erakusleihoak: egun araudiak eskatzen du tokiko dendetako erakusleihoak goiko solairuko leihoekin joatea lerrokatuta eta honek erakusleihoak txikitu egiten ditu. Proposatzen da erakusleihoei dagokienez goiko solairuko leihoen doblea izatea ahalik eta erakusleiho zabalena lortze aldera.
  • Partzelak batzeko aukera, eta baita hutsik dauden espazio libreak finkatzea, espazio publikoa handitzeko helburuarekin.
  • Eraikinetan jarduteko irizpideak berritzea, esaterako, Iturriotz kaleko 13 zenbakia egun ekipamendua dena etxebizitza erabilerara aldatzea edo zeharkale estalia 1 eta erdiko kale 11 partzelen berrantolaketa.
  • Alde Zaharreko monumentu izaera duten eraikuntzetan araudiak zurruntasun maila handia duela ikusita hobekuntza proposamenak daude. Hortaz, araudia betetzea lehenetsiz, eraikuntzaren babes maila eta interbentzio gradua ere kontuan hartzea eskatzen da mantentze lanetarako. Bestalde, Alde Zaharra ere ardatz izanik, irisgarritasun planean aldaketa batzuk ere eskatu dira.
  • Birgaitze eta kontserbatze lanetarako laguntzak ordenantza fiskalen bitartez arautzea proposatu dute bestetik, urtero gainbegiratzen direlako. Karkabak liberatzeko prozesuari lehentasuna ematea ere proposatu da.
  • Alde Zaharra dinamizatze aldera, hirigintza araudiaren bete beharra garatu nahi den jardueraren bideragarritasunera baldintzatzea iradokitzen da, guztira 2 urteko luzapena baimenduz. Beste proposamen batean zuntz optikoa ezartzea eskatzen da, baita behe solairuak erabiltzeko irizpideak kokapenaren eta inguruko gune publikoen araberakoak izatea ere.
  • Hirigintza kargen kalkuluari dagokionez, kargak indarrean dagoen hirigintza araudira egokitzea eskatzen da, eta igogailuei dagokienean hiru proposamen luzatu dituzte igogailuak teilatutik haratago eraiki ahal izateko: altuera neurri jakin bat igotzen baimentzea (50cm), teilatuaren malda gehitzen uztea (%1) eta teilatuaren hegala eraldatzea.
  • Aholku Kontseiluaren eskuetan
  • 24 proposamen hauek orain Hirigintza Aholku Kontseiluaren eskutan daude abendu amaierara arte, iradokizunak aztertu eta baloratzeko. Guztira 4 lan-bilera burutuko dituzte, 2 azaroan eta beste bi abenduan. Ondoren, Udalera bideratuko dute azken diagnosia, azken proposamena garatzeko.

Aholku Batzordearen betebeharra da, Udalak lantzen dituen hirigintza gaietan parte hartzea: Udalak lantzen dituen hirigintza proiektuen gaineko iradokizunak eginez, ordenazio urbanistikoarekin lotutako txostenak eginez,  proposamenak, aholkularitza lanak eta halakoak.

Hirigintza Aholku Kontseiluan parte hartzea zabala

Hogeitik gora lagunek osatutako batzordea da. Kide dira alkatea, udal talde politiko bakoitzeko ordezkari bana, Udalean ordezkaritzarik ez duten alderdi politikoen ordezkariak, baserri eta auzoetako alkateak.

Gainera, hainbat elkarte edo taldeetako ordezkariak ere: erakunde ekologistak, hirugarren adineko elkarteak, industria sareko ordezkaria, gazteen elkarteen ordezkaria, merkataritza eta ostalaritzaren ordezkaria, emakume kontseiluaren ordezkaritza, eskola komunitateko ordezkaritza, ezintasuna duten elkarteen ordezkaritza, kirol taldeen ordezkaritza, extea izateko eskubidearen aldeko taldearen ordezkaritza, sindikatuen eta kooperatiben kontseilu sozial nagusiko ordezkaria, kultura ondarearen aldeko elkarteen ordezkaritza, Besaide mendizale elkartearen ordezkaritza, Abeltzainen eta nekazarien elkarteetako ordezkaria, eraikuntza enpresetako eta ondasun higiezinen sustatzaileen ordezkaritza.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen