Herritarrek Kulturola ezagutzeko bisita gidatuak egingo ditu Udalak urtarrilaren 17tik 23ra

0
811

Bisitak Arantza Otaduik gidatuko ditu eta arratsaldez izango dira. Egunean bi saio. Aurrez izena eman behar da www.arrasate.eus web atarian edota BAZ-en. 

Kulturolaren eraberritzea azken txanpan murgilduta dago. Lan guztiak ia amaituta 4.786 m2-ko azalera duen eraikinean, azken erremateak burutzen ari da Udala: argiteria, pintaketa, instalakuntzak… 

2022 hasieran egongo da abian, eta hain juxtu, orduan lekualdatuko dira bertara herriko kultur eta sormen esparruko 18 eragile eta Udal Euskaltegia. 

Aurrez, hala ere, herritarrentzako Ate Irekien saioak antolatu ditu Udalak. 2022ko urtarrilaren 17tik 23ra gauzatuko dira bisita gidatuak, Arantza Otaduiren gidaritzapean. Egunean bi saio izango dira, arratsaldez: 18:00etan gazteleraz eta 19:30ean euskaraz. Bisita bakoitzeko gehienez ere 25 lagun onartuko dira. 

Aurrez izena eman behar da www.arrasate.eus web atarian edota BAZ-en. 

Arrasateko Udal Gobernuaren Legealdiko proiektu estrategiko nagusienetako bat da Kulturola: “azpiegitura oso garrantzitsua izango da herriko eragile eta taldeentzat. Sormen lana baldintza egokietan egiteko aukera eskainiko die eta gainera guztiak batera dauden espazio batean, harremanak ehunduz eta lan bateratuei bide emanez. Udal Euskaltegiarentzako ere instalakuntza berriak, modernoak… euskara hauspotuz eta ikasketa prozesua erakargarriago eginez. Gainera, ondare historikoa berreskuratu dugu, gure izana. Arrasatearron ADNa da eragile-sarea, kultur mugimendua, eta hori zaindu eta bultzatzera dator Kulturola”. 

Industria ondarea, kulturaren bihotz

Kulturola eraikina da Arrasateko industria ondarearen ikono garrantzitsuenetarikoa, Unión Cerrajera lantegiaren sarrera nagusia izan baitzen urte askoan.  Behin lantegiaren ateak itxita, Udalak eraikina errekuperatu du, kultur sormenaren bihotz bilakatzeko asmoz.

Eraikina Udal Euskaltegiaren eta herriko hainbat kultura elkarteren eta eragileren egoitza izango da, kultura eta sormen gune erreferente bihurtuz: Izaskun Murgia Lirika elkartea, Konpartsa, Zaldibar futbito, Bertso eskola, Doke antzerki taldea, Santamas komisiñua, Gaiteroak, Portaloi, Lore Gazteak dantza taldea, Txikitxu Arrostaitz dantza taldea, Bertso eskola, Trikitixa Eskola, Ttakun txalaparta, Udalaxpe txistulariak, Loixe zeramika, Margo taldea, Sambamaña eta SUDC. Jada eragileek bisitatu dute eraikina.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen