Herritarrak azkenaldian zauritu dituen indarkeria poliziala salatu da

0
725

Beheko testua: AGAKO.

AGAKOtik arduraz bizi izan dugu azken asteetako indarkeria poliziala, eta horren aurrean, beharrezkoa ikusi dugu gertakari hauek salatzeko deia zabaltzea.

Orain dela hilabete, aratusteak ospatzen ari zirela, Ertzaintzak Tolosako kaleak hartu eta bertan zeuden gazteen aurka kargatu zuen. Erasoan Xuharri, 16 urteko gazte bati, Foam jaurtigai batekin begian jo zioten, eta begia galtzeko zorian egon zen. Handik aste gutxitara, Erreala eta Mallorca arteko partidan, Ertzaintza gogor oldartu zen Errealeko zaleen aurka. Hurrengo egunean, Gasteizko EHUko Campusean IAk antolatutako Herri Unibertsitatearen aurka ere oldartu zen, eta errektoretzaren interesak babestuz ikasleak indarrez kanporatu zituzten. Jarrera horiek errepikatu ziren Athleticek jokatutako partida batean.

Egun gutxiren buruan, martxoaren 3an, 1976an Gasteizen eraildako 5 langileak omentzeko mobilizazioaren kontra egin zuen Ertzaintzak. Emakume bati masailezurra erdibitu zioten eta gazte bati hanka apurtu zioten poliziaren furgonetarekin harrapatuta. Handik gutxira, Errealak Parisen aurka jokatu zuenean, emakume bati pilotakada bat eman zioten buruan. Kolpearen ondorioz, zainketa intentsiboetako unitatera bidali behar izan zuten, larri zaurituta.

Horregatik guztiagatik, errepresioa jasan dutenei besarkada bero bat bidali nahi diegu. Eta indarkeria polizialaren erantzuleei ardura hartzea eta kaltetuei dagokien erreparazioa ematea exijitzen diegu.

Urteak daramatzagu bortizkeria hau sufritzen. Ezin ditugu ekintza isolatu bezala ulertu azken hilabeteetako gertakariak. Egungo krisi testuinguruan oinarritzen da poliziaren bortizkeria estatu kapitalisten eskutik autoritarismoaren gorakada ematen ari den bitartean. Ildo beretik jarraituz, aipatzekoa da aurrekontuetan emandako gastu polizialaren igoera, gastu militarrean areagotzea, kontrol sozialean handitzea, eta poliziaren normalizazioa.

Gainera, ezin dugu aipatu gabe utzi gero eta arruntagoa dela gure inguruko lagun taldeetan polizia izateko hautua hartu duen norbait egotea. Horrek argi erakusten digu gaiaren normalizazioa, eta hori bera salatu nahi dugu. Bestalde, kezkagarria iruditzen zaigu hemendik aurrera gure herrian udaltzainek suszko armak eramango dituztela, udaltzainak armatzeko eta militarizatzeko aurrerapauso garrantzitsua izanik.

Honek guztiak modu berezian kolpatzen ditu gazte langileak, etengabeko kriminalizaziora kondenatuz. Hori gutxi balitz, are modu latzagoan zapaltzen ditu injustizien aurka, alternatibak sortuz, hamaika borroketan ari diren gazteak.

Argi ikusten da beraz, atxiloketak, jazarpenak, jarraipenak, erasoak, identifikazioak ez direla iraganeko kontuak. Horren azken adibide dugu Espainiako poliziak, faxismoaren aurka borrokatzeagatik Indar Gorriko kideen aurka burututako sarekada. Besarkada bat doakiela Arrasatetik.

Polizia da sistema soziala mantentzeko tresna eta bermea, klase zapaltzailearen interesei erantzun eta klase gizartea betikotzen duena. Betikoen alde, eta betikoen aginduetara egiten du lan, jabetza pribatuen defentsan, zapalkuntza guztiak erreproduzitzea ziurtatuz. Herritarren segurtasuna bermatzetik urrun, herritarren bizitza arriskuan jarriz.

Aipatu dugun guztiagatik, gazteok argi diogu:
Ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar!

AGAKOtik bide beretik lanean jarraituko dugu, autogestiotik askatasunerantz herrian alternatibak sortzen. Era berean herriko gazteei dei egin nahi diegu indarkeria polizialaren aurka eta gizarte hobe baten alde antolatu daitezen.

Jazarpen poliziala gelditu!
Gazteon aurkako errepresioarik ez!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen