Herritargoak 243 proposamen aurkeztu dizkio Udalari, Aurrekontu Parte-hartzaileetan

0
533

Proposamen horietatik, Udalak hala erabakita, “20-30 proposamen bateratu” aukeratuko dira eta herritar “bolondresez osatutako talde batek garatuko ditu”. Ondoren 20-30 proposamenen inguruan bozkatu ahalko dute herritarrek.

Argazkia: MB artxiboa.

Aurrekontu Parte-hartzaileen “helburu nagusia etorkizuneko Arrasate herritarrekin batera landu eta osatzea da” Udalak azaldu duenez.

Hartara, “2021eko eta 2022ko aurrekontu parte hartzaileen barruan dauden 500.000 euro bideratuko” ditu datozen bi urteetan.

Ekimen honek “Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesa jaso du”, eta egitasmoaren izena ‘Zeuk erabaki, tú decides’ da.

Arrasatearrek Udalari aurkeztu ahal izan dizkioten proposamenek ondorengo baldintzak bete behar zituzten:

“Udal eskumenekoa izatea, 2 urteko epean gauzatu ahal izatea, bideragarritasun teknikoa gainditzea, gehienez ere 125.000 euroko aurrekontua izatea, aurreko prozesu baten emaitza ez ezabatzea, onartua dagoen udal plan baten kontra ez egitea eta interes orokorrekoa izatea”.

Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 28an amaitu da, eta denera Arrasateko herritargoak 243 proposamen aurkeztu ditu:

“131 pertsonek paperean aurkeztu dituzte, 100 pertsonek online bidez eta gainerako 12 pertsonek Udalak antolatutako lau sormen tailerretan”.

Udalak azpimarratu du “aurtengo kasuan nabarmen igo direla parte-hartzeak, 2019an esaterako, 113 proposamen jaso baitziren”.

Udalak eskerrak ematen dizkie “proposamenak egin dituzten herritarrei, sormen tailerretan parte hartu dutenei ere bai”.

243 proposamen hauek lehen faseari dagozkio, eta Udalak hala erabakita, bigarren fasean, martxo aldean, “20-30 proposamen bateratu” jorratuko dira.

Proposamen bateratu horiek “garatuko ditu bolondresez osatutako talde batek, zeinaren parte izan nahi duen orok izena eman dezakeen www.arrasate.eus -en eta fase erabakigarria izango da”.

Bigarren fasean, “fase erabakitzailea deiturikoa, gaika banatuko dituzte proposamen guztiak, eta horietatik 20 eta 30 artean pasako dira bozkara”.

“Lan hau bolondresez osatutako herritar talde batek egingo du, eta talde horren parte izateko Udaleko webgunean eman daiteke izena”.

Azken fasea “2022ko martxoa eta apirila artean garatuko da”. Udaletik nabarmendu dutenez, “bozkarako parte-hartze sistema erakargarri bat” ari dira lantzen, “bereziki haur eta gazteen parte-hartzea sustatzeko”.

Horrela, “helburua administrazio publikoan partaidetza naturaltasunez eta zeharkakotasunez integratzea da”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen