Herritar baten kexa

0
1246

Testua: Herritar bat.

Ikusirik Udalak ez diela kasurik egiten Arrasateko hiri-busaren erabiltzaileen kexei, gura nuke testu hau argitaratzea, honezkero ez baitakigu nora jo.

Arrasateko hiri-busak egun batean eta hurrengoan matxuratuta daude, eta 20 minutuz edo ordu erdiz itxaroten egon behar gara, niri horixe gertatu zitzaidan ekainaren 14an 34 gradurekin. Gainera, zenbait paradek ez dute eseri ahal izateko markesinarik. Nik adibidez bere garaian eskatu nuen Obenerrekan markesina bat jartzea, baina ez dute kasurik egiten. Adineko eta mugikortasun urriko jendea gara.

Ekainaren 15ean 2. linean arratsaldeko 4etan, hiri-busaren egoera penagarria zen, suspentsioa apurtuta zebilen, etengabean boteak ematen zituen eta errepideko goraguneak osta-osta pasatzen zituen, eta matxurak ez dira puntualak, nik hiri-busa egunero erabiltzen dut eta hau ia egunero gertatzen da. Apurtutako suspentsioarena beste hiri-bus batean ere bizi izan nuen.

Hiri-busak egoera txarrean, gehienak aire giroturik gabe, igotzeko eskailera-mailak dituzte, funtzionatzen ez duten arrapalak, erdizka zabaltzen diren ateak, funtzionatzen ez duten pultsadoreak. 2011ra arte hiri-busa udalak kudeatzen zuen, eta orduan Lurraldebusek bere gain hartu zuen, nahiz eta flota udalak diruz laguntzen duen.

Hiri-busek 11 urte baino gehiago dituzte eta euren egoera negargarria da. Duela urte batetik baino gehiago, 2 ekarri zituzten (hiri-bus berriak), aurrekoek baino urte gehiago dituztenak, eta boteak ematen dituzte etengabean euren egoera txarragatik.

Nik ulertzen dut hiri-busen flota Udalari dagokiola, baina zerbitzua Lurraldebusi ordaintzen diogu. Galdetu gidariei, ikusiko duzue zer erantzuten dizueten. Kexa Mugira bidali nuen, eta erantzun ziguten Udalaren kontua zela, baina nik zerbitzuak Mugiri ordaintzen dizkiot, betetzen ez diren zerbitzuak. Batzuek besteei pilota elkarri pasatzen diote, eta hau ez du inork konpontzen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen