Herriko plaza autoekin hartu dute ostalariek erreskatea aldarrikatzeko

0
2078

Sektoreko langileek azaldu dute “laguntza oso txikiak” iritsi zaizkiela. Soluziorik ezean, etorkizuna ilun ikusten dute: “arazo ekonomikoak, larritasuna eta estresa geldiezinak izaten jarraituko dute”.

Ostalariek auto karabana eta elkarretaratzea egin dituzte gaur goizean, besteak beste, arrasatear hauen egoera larria zabaltzeko:

“Pasatzen den egun bakoitza zailagoa da guztientzat: arazo ekonomikoak, larritasuna eta estresa geldiezinak izaten jarraituko dute”.

Era berean, gabonetako neurrien ostean, “mingarria da gure gobernariek esatea harrituta geratu direla gabonen osteko positiboen hazkundearekin”. Sasoi horretan ostalaritza berrirekitzea baimendu zuten “eurek limosna bat ematea ekiditeko, hala beraien poltsikoa ukitu barik geratzeko”.

“Laguntza oso txikiak iritsi dira, ostalarien mobilizazioei esker lortutakoak, ez eurek borondatez emandakoak”. Ostalaritzaren gainbeheraren ostean “merkataritza da hurrengo miseria jasango duena”.

Tabernariek, jatetxeko langileek, banatzaileek,… “Damoklesen ezpata gure bizkar gainean zintzilik ikusten dugu, gure herriko semaforoa gorrira pasatuko denaren beldurrez”.

Egun Arrasaten “gaueko ostalaritza hilda dago” eta “Osorik taberna ixtera behartu dute”. Bilkurako parte-hartzaileek txalo beroak eskaini dizkiete Osorikeko lagunei. Sektoreak beharrezkotzat ikusten ditu:

  • Jakitea ea Aldundiak plan bat garatzen duen edo ez
  • Etorkizuneko itxierak adostea
  • Komunikatuak denbora nahikoarekin jakinaraztea
  • Laguntzen atzerapenaren arrazoia argitzea

Arrasateko Ostalariek “alokairuetan eta banku-maileguetan bitartekaritza” behar dituzte, baita “ICO maileguak” ere. “Eta laguntzak baino gehiago kalte-ordainak behar ditugu”.

Aurrera begira “gobernuekin egindako negoziazioetan baliozko agentea izatea lortu behar dugu”, eta horretarako beharrezko ikusten dute borrokan jarraitzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen